Martxoaren 9rako Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak usurbildarrei egin dieten proposamena da. Joan etorria autobusez egingo denez, txangorako aurrez eman behar zen izena, pasa den asteazkena baino lehen. Honenbestez, epe horren baitan apuntatu direnentzako oharra segidan; Belate-Arraras inguruak ezagutzera joateko hitzordua, igande goizeko 7:00etarako finkatu dute antolatzaileek, ohi bezala, Oiardo Kiroldegian.
Belate-Arraras arteko bidea 23 kilometrotakoa da, 6 orduren bueltan osatzeko modukoa. "GR 12 edo Euskal Herriko ibilbidea delakoa Euskal Herria alderik-alde zeharkatzen duen ibilbidea da. Martxoaren 9an, GR-12aren zatia ezagutzeko aukera izango dugu, Belatetik Arrarasera doan zatia hain zuzen. Elzaburuko galtzada, eta Ultzamako basoak eta pagadiak zeharkatuko ditugu", berri eman dute Andatza Mendizaleen Kirol Taldetik.
Otordua ibilbidea amaitutakoan egingo da, janaria norberak eraman beharko du eta edaria antolatzaileen esku.
Informazio eta argibide gehiago: http://www.andatzamendizale.info/