Urriaren 5ean Orion ospatuko den Kilometroak jaialdia girotzeko Kirol Erronka ikusgarria antolatu dute gaur goizean. Etxeko, Zarauzko, Tolosako eta Usurbilgo punta-puntako hamaseiko kirolari taldea bildu dute Herriko Plazaren bueltan. Herri bakoitzeko lau kide, beste hainbeste kirol jardueretan aritu dira; Orian igerian, bizikleta estatiko gainean pedalei gogor ematen, ergometroan izerditzen edota plazaren bueltan lasterka aritu dira. Usurbil, Sarai Lizasok (ergometroan), Iñaki Añorgak (bizikletan), Ibai Albak (lasterka) eta Andoni Labakak (igerian) ordezkatu dute. Era berean, Mikel Peñagarikano Kirol Erronkan parte hartzekoa zen arren, Andoni Labakak ordezkatu du igerian Usurbilgo gaztea.
Ikuskizun bikaina eskaini dute kirolariek, une ikusgarri bat baino gehiago. Bizikleta probak esate baterako. Lehian lau udalerri izanik, bi txanda antolatu dira. Lehenengoan, Tolosa eta Usurbil aurrez aurre. Abraham Olano handiaren eta Baxurde Txiki Triatloi taldeko kide Iñaki Añorgaren buruz buruko saio ikusgarria gertutik ikusi ahal izan dute, Oriora gerturatu direnek.
Beste hainbeste gertatu da arraun proban ere. Ergometroan Sarai Lizasok dena eman du, aurkari zituen hiru gizonezkoen aurkako lehian. Lasterka bezala. Olanoren aurka Añorgak bizikleta gainean erdietsi duen bigarren postua eskuratu du baita, Ibai Albak. Orioko ordezkariak helmuga zapaldu eta 10 segundora amaitu du proba.
Eta zalantzarik gabe, kontrolaezinak ziren baldintzei aurre egin behar izan diete, goizeko 10:00ak pasatxoan Kirol Erronka abiatu duen igeriketa saioko partaideek. Oria alde batetik bestera zeharkatzen aritu diren lau lehiakideek, Andoni Labakak tartean, errioko korronte gogorrei aurre egin behar izan diete.
Lehia larunbat honetako Kirol Erronkarako pizgarria izan da, hori bai, jaialdi bat zela ahaztu gabe. Urriko lehen igandean Orion ospatuko den Kilometroak festaren aldeko kirol ekimena baitzen gaurkoa. Egun horretan antolatuko den Kirol Erronka girotzen hasteko aitzakia. Eta giroa ezin hobea izan da; eguraldi eguzkitsua eta jendetza batu da gaur Orion, besteak beste, usurbildar kirolari eta ikasleen saioak ikustera.
Udarregi Ikastola, txapeldunorde
Helduen Kirol Erronka ospatu ostean, ikasleen txanda heldu da. Orio, Zarautz, Tolosa eta Usurbilgo ikasleek mosaikoaren proban parte hartu dute. Aipatu moduan, lehiatzen aritu direnen artean, Udarregi Ikastolako DBH 3-4 mailetako ikasleak. Sarai Lizaso taldeko kapitain zutela. Txapeldunorde amaitu dute, Oriokoen atzetik. Hauek ere, 2014ko Kilometroak egunean ospatuko den Kirol Erronkarako prestatzen hasiak dira.
Jarraian dituzue, Kirol Erronkako emaitzak:
SAILKAPEN OROKORRA
1-Orio: 36:37
2-Tolosa: 37:03
3-Usurbil: 38:18
4-Zarautz: 38:21.
DENBORAK
Igeriketa:
1-Tolosa: 7:42.
2-Zarautz: 8:45.
3-Usurbil: 9:04.
4-Orio: 9:11.
Bizikleta:
1-Tolosa: 5:58.
2-Usurbil: 6:29.
3-Orio: 6:31.
4-Zarautz: 6:48.
Ergometroa:
1-Orio: 10:11.
2-Tolosa: 10:32.
3-Zarautz: 10:44.
4-Usurbil: 11:51.
Lasterketa:
1-Orio: 10:44.
2-Usurbil: 10:54.
3-Zarautz: 12:04.
4-Tolosa: 12:51.