Martxoaren 8a joan zaigu baina ez dira amaitu, Emakume Langileen Egunaren harira, Usurbilen antolatu diren ekimenak. Zabalik jarraitzen du, Parekidetasun Kontseiluak ostiral eta larunbat honetarako, martxoaren 14 eta 15erako Potxoenean antolatu duen autodefentsa feminista tailerrean izen emateko epeak. Emakumeei zuzenduriko saio hauetan parte hartu nahi duenak, aurrez apuntatu behar du. Doan, parekidetasuna@usurbil.net helbidera idatzita. Maitena Monroyk zuzenduko du ikastaroa.
Larraitz Lazkanoren erakusketa, Artzabalen
Emakume Langileen Egunari lotuta bestalde, martxoaren 8an giroturiko Larraitz Lazkano margolari nafarraren artelanak ezagutzeko aukera egongo da Artzabalen, “Emakumeen arteko begirada sinergikoak” erakusketan. “Larraitz Lazkanoren lanak, Euskal Herritar emakume baten eta Arabiar kulturako herri anitzeko hainbat emakumeen arteko elkar begirada sinergikoa proposatzen digu. Koloreak, formak eta testurak piktorizatzen, plano idealizatutik at, elkarren arteko gertutasuna azpimarratzeko”.
Gaztarotik hasi zen Larraitz Lazkano Arabiar munduarekin hartu-emanetan, “eta segituan berpiztu zitzaion gertutasunaren sentimendu arabikoa. Eta emakumeen prismaren posiziotik hasi zen bere margo istorioa eraikitzen, espresio izoztuekin soinurik gabeko elkarrizketa publikoak eraikitzen. Kontestu guztietatik islatzen ditu bere pertsonaiak giza biluztasun une bat lortzearren. Lazkanoren erakusketa, apirilaren 16ra arte, Artzabalen. Bere hainbat artelan, helbide honetan ere ikus daitezke: larraitzlazkano.blogspot.com.