Urriaren 5ean Orion ospatuko den Kilometroak jaialdia girotzeko Kirol Erronka ikusgarria antolatu zuten larunbatean. Etxeko, Zarauzko, Tolosako eta Usurbilgo punta-puntako hamaseiko kirolari taldea bildu zuten Herriko Plazaren bueltan. Herri bakoitzeko lau kide, beste hainbeste kirol jardueretan aritu ziren; Orian igerian, bizikleta estatiko gainean pedalei gogor ematen, ergometroan izerditzen edota plazaren bueltan lasterka. Usurbilgo taldea, Sarai Lizasok (ergometroan), Iñaki Añorgak (bizikletan), Ibai Albak (lasterka) eta Andoni Labakak (igerian) osatu zuten. Labakak azken orduan, Mikel Peñagarikano ordezkatu zuen.
Ikuskizun bikaina eskaini zuten kirolariek, une ikusgarri bat baino gehiago. Bizikleta probak esate baterako. Lehian lau udalerri izanik, bi txanda antolatu ziren. Lehenengoan, Tolosa eta Usurbil aurrez aurre. Abraham Olano handiaren eta Baxurde Txiki Triatloi taldeko kide Iñaki Añorgaren buruz buruko saio ikusgarria gertutik ikusi ahal izan zuten, Oriora gerturatu zirenek.
Beste hainbeste gertatu zen arraun proban ere. Ergometroan Sarai Lizasok dena eman zuen, aurkari zituen hiru gizonezkoen aurkako lehian. Lasterka bezala. Olanoren aurka Añorgak bizikleta gainean erdietsi duen bigarren postua eskuratu zuen baita, Ibai Albak. Orioko ordezkariak helmuga zapaldu eta 10 segundora amaitu zuen proba.
Eta zalantzarik gabe, kontrolaezinak ziren baldintzei aurre egin behar izan zieten, goizeko 10:00ak pasatxoan Kirol Erronka abiatu zuen igeriketa saioko partaideek. Oria alde batetik bestera zeharkatzen arituriko lau lehiakideek, Andoni Labakak tartean, errioko korronte gogorrei aurre egin behar izan zieten.
Lehia Kirol Erronkarako pizgarria izan zen, hori bai, jaialdi bat zela ahaztu gabe. Urriko lehen igandean Orion ospatuko den Kilometroak festaren aldeko kirol ekimena baitzen martxoaren 8koa. Egun horretan antolatuko den Kirol Erronka girotzen hasteko aitzakia. Eta giroa ezin hobea izan zen; eguraldi eguzkitsua eta jendetza batu zen larunbatean Orion, besteak beste, usurbildar kirolari eta ikasleen saioak ikustera.
Udarregi Ikastola, txapeldunorde
Helduen Kirol Erronka ospatu ostean, ikasleen txanda heldu zen. Orio, Zarautz, Tolosa eta Usurbilgo ikasleek mosaikoaren proban parte hartu zuten. Aipatu moduan, lehiatzen aritu zirenen artean, Udarregi Ikastolako DBH 3-4 mailetako ikasleak. Sarai Lizaso taldeko kapitain zutela. Txapeldunorde amaitu zuten, Oriokoen atzetik. Hauek ere, 2014ko Kilometroak egunean ospatuko den Kirol Erronkarako prestatzen hasiak dira.
Jarraian dituzue, Kirol Erronkako emaitzak:
SAILKAPEN OROKORRA
1-Orio: 36:37
2-Tolosa: 37:03
3-Usurbil: 38:18
4-Zarautz: 38:21.
DENBORAK
Igeriketa:
1-Tolosa: 7:42.
2-Zarautz: 8:45.
3-Usurbil: 9:04.
4-Orio: 9:11.
Bizikleta:
1-Tolosa: 5:58.
2-Usurbil: 6:29.
3-Orio: 6:31.
4-Zarautz: 6:48.
Ergometroa:
1-Orio: 10:11.
2-Tolosa: 10:32.
3-Zarautz: 10:44.
4-Usurbil: 11:51.
Lasterketa:
1-Orio: 10:44.
2-Usurbil: 10:54.
3-Zarautz: 12:04.
4-Tolosa: 12:51.