Elikadura osasuntsuari loturiko bi ekitaldi ostegunean

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 11a, 00:00

Usurbilgo Gazte Asanbladak antolaturiko hileroko afari beganoa egingo da etzi, martxoaren 13an, iluntzeko 20:30etatik aurrera Gaztetxean. Otordu goxo askoa, ohi bezala, borondatearen truke. Eta oraingoan gainera, afaloste musikatua; Mikel Karton bakarlariaren emanaldiarekin.

Ordu batzuk lehenago, jangeletako elikadura ekologikoari buruzko hitzaldia antolatu dute Udarregi Ikastolan. "Zergatik elikadura ekologikoa Haur Eskolan eta Ikastolako jangeletan?" galderari erantzuten saiatuko dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Udarregi Ikastolako erdiko aretoan ospatuko den ekitaldian. 0-16 urte arteko ikasleen gurasoei zuzendua dagoen hitzordua, Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak, Haur Eskolako Guraso Taldeak eta Ekolapikok antolatu dute.

Auzolanerako deia
Zurgin, diseinatzaile, brikolaje zale eta abarren bila dabiltza ikastolan. Datorren ikasturtean, Haur Hezkuntzako espazioen antolaketa berri bati ekitekoak dira eta gela horietan egitura berri batzuk jarri nahi dituzte. Horregatik luzatzen diete herritarrei, auzolanerako gonbita. Laguntzeko prest dagoen oro, eman dezala izena ikastolako idazkaritzan. Udarregitik berri eman dutenez, auzolan esperientzia honetan parte hartuko dutenak “ez dira bakarrik arituko, izan ere, Mondragon Unibertsitateko aholkularien gidaritza eta aholkularitza, ondoan izango dugu”.