Soinurbileko lipdub grabazioan parte hartzeko gonbita

Noaua Aldizkaria 2014ko martxoaren 11

Ostegun arratsaldeko 18:00etan grabatuko dute martxoa amaieran ospatuko den X. Soinurbil Musika Asteko lipdub-a. Ikasle, irakasle eta gurasoen artean, grabazio jendetsua izango dela aurreikusten da. Parte hartzea ordea usurbildar ororentzat irekia dago. Beraz, Musika Astearen urteurren berezi honen aldeko ekimen berritzaile honetan agertu nahi duenak, gerturatu dadila grabazioa hasi aurretik, arratsaldeko 17:45etarako Zumarte Musika Eskolara. "Gertakaria garrantzitsua izango da eta gonbidatu nahi zaituztegu guraso eta herritar guztiei ere parte hartzera, zuek era Zumarte zaretelako. Animatu eta etorri ondo pasatzera!", berri eman dute Zumartetik.

Grabaketa egunerako honako janzkerarekin agertzera deitzen dituzte ikasleak:
- Musika Txokoa 1 eta 2, koloretako arropa (gurasoen ardurapean egon beharko dute).
- Musika Txokoa 3 eta 4, koloretako arropa.
- Pianoko ikasleak, beltzez.
- Biolina eta Perkusio ikasleak, galtza ilunekin (kamiseta guk utziko diegu).
- Trikitixa, Pandero eta helduen abesbatzakoak baserritarrez.
- Gitarrako ikasleak, “makarra” arropa.
- Klarinete, Saxofoi, Flauta eta Tronpeta ikasleak, galtza ilunak eta kamiseta txuria.

Martxoaren 13ko grabazioaren bidez, "musika lau haizeetara" zabaldu asmo du Zumartek. Eta bide batez, hamargarren ediziora heldu den Soinurbil Musika Asterako girotze lanei ekingo die.