Apirilerako esku bete lan du Dantza Taldeak

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 12a, 00:00

Hainbat ekimen bideratzen ari dira datorren hilabeterako. Hasteko, iazko esperientzia errepikatzera doaz; II. Dantza Eguna antolatzeko lanetan murgilduak dira. Apirilaren 12an ospatuko da, larunbatez, herrian dantzaren inguruan diharduten taldeen topaleku bihurtu ohi den ospakizun eguna. Egitaraua guztiz zehaztu gabe duten arren, iazko antzeko formatua izango du bigarren edizio honek ere. 

Aurreikusitako epeak betetzen badira gainera, datorren hilabetean plazaratuko dute, Usurbilgo Dantza Taldearen historia jasoko duen liburua. Gogoan izan, Dantza Egunaren estreinako edizioa, argitalpen honen abiapuntua izan zela. Dantza Taldearen historia jasotzen zuen erakusketa bat antolatu zuten iaz. Erakusketa hartarako, irudi, bideo, jantzi, edota bestelako materialak uzteko deialdia egin zuten antolatzaileek. Bildutako materiala, idazten ari diren libururako baliatu asmo zuten. Esandakoa, azken orduko aldaketarik ez bada, datorren hilabetean esku artean izango dugu Dantza Taldearen liburua. 

Liburua eta irudi berria
Jada prest dutena, Dantza Taldearen irudi berria da. Logo berria du Dantza Taldeak, "garai berrietara egokitzeko garaia bagenuen eta!", bilgunetik diotenez. Aitziber Elortzak eta Eva Lizarragak diseinatu dute, aurrerantzean, Dantza Taldearen irudia izango dena. 

Hau guztia gutxi ez eta apirilaren 12ko Dantza Eguna igaro osterako azken ekimen bat ere prestatzekotan dira: hilabete amaieran, Zuberoako maskarada ikustera joateko autobusa antolatu asmo dute. "Apirilaren 27an Urdiñarben emango dute maskarada Zalgize eta Iruri herrietako gazteek, eta bertara joateko egunpasa antolatu nahi dugu", Dantza Taldetik adierazi dutenez. Aurrerago, ekimen guztion zehaztasun gehiagoren berri.