Musika korala lantzeko asteburu pasa, Zumarte Abesbatzakoentzat

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 12a, 00:00

Hondarribira doaz martxoaren 15 eta 16 honetan, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolaturiko Haurtxo-Koruen VIII. Tailerrean parte hartzera. Musika korala lantzeko asteburu pasa izango da. "Koru-errepertorio erakargarria, indarrez betea eta oso dibertigarria prestatuko dute", Zumartetik berri eman dutenez. 

Begirale talde batekin, jokoak edota aisialdiko ekimenak izango dituzte. Abesteaz gain noski. Gorputz perkusioa ere landuko dute Jorge Pachecorekin, Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko perkusionista eta haur zein gazteekin lan esperientzia zabala duen profesionalarekin. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak tailer honetara gonbidatu duen zuzendarietako bat izango da, baina ez bakarra. Katrin Iturralde eta Maite Oca ere Hondarribian izango baitira. 

Asteburuko egitaraua, irekia izango den ekitaldi batekin amaituko dute abesbatzek. Arratsaldeko 17:00etan hasita, Hondarribiko Amute auzoko elizan eskainiko duten kontzertuarekin hain zuzen.

Lipdub grabazioa bihar
Hondarribira joan aurretik, Zumarte Abesbatzako kideak ostegun honetan Musika Eskolak grabatuko duen lipdub-ean ikusiko ditugu. Gogoan izan, bihar arratsaldeko 18:00etan grabatuko da lipdub-a. Zumarteko ikasle, irakasle eta gurasoek ere parte hartuko dute. Baina gonbita irekia da. Herritar oro agertu daiteke, martxoa amaieran ospatuko den X. Soinurbil Musika Astea girotzeko ekimen honetara. Parte hartzeko interesa duen oro, gerturatu dadila ostegun arratsaldeko 17:45etarako, Zumarte Musika Eskolara.