Elkartasuna adierazi diote, epaiaren zain den Aitzaga Elkarteari

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 14a, 20:29

Epaiketa politikoen aurka, eta Aitzaga Elkarteari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea burutu da gaur arratsaldean. Asteazkenean amaitu zen Madrilen 35/02 epaiketa. Urriaz geroztik Ezker Abertzaleko ia 40 lagun eta 100 herriko taberna eta elkartetik gora epaitu dituzte. Tartean, Usurbilgo Aitzaga Elkartea. Orain, epaiaren zain dira. 

Auziperatuek azken aldiz hartu zuten hitza asteazkenean. Guztien izenean, Floren Aoizek hitz egin zuen. Estatu espainiarreko botereei jarreraz aldatzeko eskatu zien, Euskal Herriak bere etorkizuna libreki erabakitzeko duen eskubidea aitortzea eta gatazkaren ondorioak gainditzera konprometitzea.

Madrilgo Diputatuen Kongresuan artean, Amaiur koalizioak, ERC eta BNG taldeen babesarekin, auziperatuak aske uztea eskatu zuten. Euskal gehiengo sindikalak, CGT, CNT, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEE- EILAS sindikatuek ere berdin, auziperatuak aske uztea galdegin zuten. Asteazken iluntzean, hainbat mobilizazio burutu ziren auziperatuak dauden ehunetik gora herriko elkarte eta tabernen atarietan.

"Aitzaga arriskuan dugu"
Auzitegi Nazionalaren epaiaren zain geratu behar orain. Hasiera batean Fiskaltzak 8-12 urte arteko kartzela zigorrak eskatzen zituen auziperatuentzat. Orain, aurrez egina zieten akusazioa erretiratu die 9 auziperatuei eta gainerako guztiei kartzela zigor eskaria murriztu diete. 2-6 urte arteko espetxealdia eskatzen du Fiskaltzak. Gogoan izan, auziperatuokin batera, ehunetik gora herriko taberna edo elkarte epaitu dituztela Madrilen. Tartean, Usurbilgo Aitzaga Elkartea. Elkarte kideek aurreko mobilizazioetan adierazi izan duten moduan, "Aitzaga arriskuan dugu eta defendatu behar dugu".