L´Arcusgi musika talde kortsikarreko kideak Usurbilen dira jada. Ondoko argazkia atera berri diegu Mikel Laboa plazan, emanaldia hasi baino ordubete eskas lehenago, Usurbilgo Udala, Kantu Taldea eta Iparra-Hegoa fundazioko ordezkariekin batera.
L´Arcusgi taldekoek 19:30etan hasita, emanaldia eskainiko dute Sutegiko auditorioan, Euskal Herria-Kortsika topaketaren baitan. Ekitaldirako sarrerak aurrez eskura daitezke 5 eurotan, Lizardi liburu dendan. Edo Sutegin, emanaldia ikustera joateko unean, 10 euroren truke.
"Arcusgi taldea Kortsikan, Bastiako eskualdean 1984an sortu zen. Bost musikari eta bederatzi kantariz osatutako taldea da. Kortsikar hizkuntza eta kortsikar kulturaren alde lan egiten du. Askatasuna izateko borrokatzen duten herriekiko eta herri zapalduekiko elkartasuna adierazten dute. Arcusgi euskaldunokiko hurbil sentitzen da eta plazer handiz dator Euskal Herrira kantatzera. Bere kantu-bilduman, Arcusgik euskal kantuak ere baditu, eta kantaldi honetan ere abestuko ditu. 2010eko apirilaren 30ean izan ziren Usurbilen, Iparra-Hegoa kultur elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolatuta Sutegin egin zen kontzertuan", antolatzaileek, bost urte bete berri dituen Kantu Taldekoek adierazi dutenez.
Kortsikarrekin kantu-afaria, Iruin sagardotegian
Emanaldi ostean, martxoaren 9a baino lehen afaritarako txartela erosi zutenak, Zubietako Iruin Sagardotegian bilduko dira. Kantu-afari modukoa izango da; Kuxkuxtu txarangakoak bertan izango dira, baita kortsikarrak ere. Ordu batzuk lehenago Sutegin emanaldia eskaintzekoak diren L´Arcusgi taldekoak.
Kantu jaialdi eta afari honekin emango zaio amaiera, atzo Joseba Alvarezen Kortsikari buruzko hitzaldiarekin abiaturiko Euskal Herria-Kortsika topaketa.