Ekainaren 8rako atxikimenduak biltzen jarraitzen du Gure Esku Dago taldeak

Noaua Aldizkaria 2014ko martxoaren 14a

Halere, herritar gehiagoren babesa behar dute. Gogoan izan, 400 usurbildar batu nahi dituzte ekainaren 8an ospatuko den erabakitze eskubidearen aldeko ekimen honetarako. Sutegi atarian izan dira gaur Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldekoak. Informazio mahaia jarri dute, nahi zuenak giza-katerako izena eman zezan. Aipaturikoa, gorantz doa hiru hilabete barru, euskal herritarrek Durango Iruñearekin eskuz esku lotuko duten ekimenerako izena emate kopuruak. Baina herritar gehiagoren atxikimenduak bildu nahi dituzte. Herritar  bakoitzak, metro bat erosi beharko du 5 eurotan, giza-katean parte hartzeko. 

Aurrez izena ematen duten aginagar, zubietar eta usurbildar guztiek, ekainaren 8an, Uharte-Arakilera gerturatu beharko dute. Giza-katea Sakanako udalerri honetatik ere igaroko da. Eta bertako eremu zehatz batean, antolatzaileek, usurbildar, aginagar eta zubietarrek parte hartzeko lekua gordea dute jada. 

Gure Esku Dago Eguna
Martxoaren 22an ospatuko da, ekainaren 8an, Durango Iruñearekin lotuko duen erabakitze eskubidearen aldeko giza-katea girotzeko festa eta aldarrikapen eguna. Eguerdi partean musika emanaldi sorpresa izango omen dugu frontoi inguruan. Gau partean, afaria Usurbilgo Gaztetxean eta ondoren, bertso musikatuen saioa. Afaritarako txartelak, salgai daude martxoaren 19ra arte 13 eurotan, Txapeldun, Artzabal, Antxeta, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga, Txiriboga eta Patri tabernetan.

Afaritarako menua honako hauxe duzue: entsaladilla errusiarra, biribilkia saltsan, ijito besoa, edaria eta kafea. Afalosteko bertso musikatuen saioan parte hartuko dutenen zerrenda ere osatua dago jada; Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Iñigo Mantzisidor (Mantxi) eta Manex Mujika bertsolariak. Eta Ixak (kitarra) eta Gari (biolina) musikariak. Gai jartzailea: Haritz Casabal.