Intza Salsamendi usurbildarrak sorturikoa da argazkiko karteleko S ikusgarri hori. Binilozko diska bat irudikatzen duen hizkiak irabazi du hain zuzen, Zumarte Musika Eskolak eta Usurbilgo Udalak datorren X. Soinurbil iragartzeko antolaturiko logotipo lehiaketa. Martxoaren 25etik 30era ospatuko den Musika Astearen berri emango duten kartel eta eskuorrioetarako baliatuko dute Salsamendiren diseinu lana. Egunotan kalean ikusiko ditugu Soinurbileko ekitaldiak biltzen dituzten euskarriok.
Gogoan izan bestalde, Zumarteko ikasle, irakasle eta gurasoek atzo grabatu zutela baita, "musika lau haizeetara" zabaldu asmo duen lipdub-a. Egunotan izango duzue ikusgai, youtube atarian.
Musika korala lantzera asteburu pasa doaz, Zumarte Abesbatzakoak
Hondarribira doaz asteburuan, martxoaren 15 eta 16 honetan, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolaturiko Haurtxo-Koruen VIII. Tailerrean parte hartzera. Musika korala lantzeko asteburu pasa izango da. "Koru-errepertorio erakargarria, indarrez betea eta oso dibertigarria prestatuko dute", Zumartetik berri eman dutenez.
Begirale talde batekin, jokoak edota aisialdiko ekimenak izango dituzte. Abesteaz gain noski. Gorputz perkusioa ere landuko dute Jorge Pachecorekin, Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko perkusionista eta haur zein gazteekin lan esperientzia zabala duen profesionalarekin. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak tailer honetara gonbidatu duen zuzendarietako bat izango da, baina ez bakarra. Katrin Iturralde eta Maite Oca ere Hondarribian izango baitira.
Asteburuko egitaraua, irekia izango den ekitaldi batekin amaituko dute abesbatzek. Arratsaldeko 17:00etan hasita, Hondarribiko Amute auzoko elizan eskainiko duten kontzertuarekin hain zuzen.