Kilometroak 2015erako logotipo eta leloak bildu nahi ditu Udarregi Ikastolak

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 15a, 11:20

Eta horretarako herritarren laguntza behar dute. Martxoaren 31ra arteko tartea dago, hurrengo urtean Usurbilen ospatuko den ikastolen aldeko jaialdirako lelo eta logotipoak sortu eta Udarregi Ikastolara bidaltzeko. Zuen proposamenak idazkaritzan utzi ditzakezue edota helbide honetara bidali: usurbilkilometroak@udarregi.com

"Animatu zaitezte eta parte hartu ideien zaparradan! Ikastolak plazer handiz jasoko ditu!", berri eman dute, 2015. urteko Kilometroak antolatzen hasiak diren Udarregi Ikastolako kideek. Gogoan izan, bai leloa eta baita logoa ere, Usurbilen ospatuko den euskararen aldeko jaialdiko ikur bilakatuko direla. Euskal Herri osoan zabalduko dira. Bururatzen zaizkizuen ideiak lantzerakoan, honakoa aintzakotzat hartzea eskatzen dute Udarregitik:  "Bi ideia nagusiren inguruan sortu nahi ditugu (leloa eta logoa); euskara! eta herriarekin elkarlanean, auzolanean!".

Udarregi Ikastolari buruzko informazioa, udarregi.com atarian duzue.

Auzolan deialdia, Udarregi Ikastolatik
Zurgin, diseinatzaile, brikolaje zale eta abarren bila dabiltza ikastolan. Datorren ikasturtean, Haur Hezkuntzako espazioen antolaketa berri bati ekitekoak dira eta gela horietan egitura berri batzuk jarri nahi dituzte. Horregatik luzatzen diete herritarrei, auzolanerako gonbita. Laguntzeko prest dagoen oro, eman dezala izena ikastolako idazkaritzan. Udarregitik berri eman dutenez, auzolan esperientzia honetan parte hartuko dutenak “ez dira bakarrik arituko, izan ere, Mondragon Unibertsitateko aholkularien gidaritza eta aholkularitza, ondoan izango dugu”.