Musika emanaldi sorpresa eguerdian, eta bertso musikatuen saioak giroturiko afaria Usurbilgo Gaztetxean, bi ekitaldiok egituratuko dute larunbaterako antolatu dituzten hitzorduak.
Gogoan izan, afaritarako txartelak asteazkenera arte, martxoaren 19ra arte 13 euroren truke erosi ahalko direla, taberna hauetan; Txapeldun, Artzabal, Antxeta, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga, Txiriboga eta Patrin. Afaritarako menua honako hauxe duzue: entsaladilla errusiarra, biribilkia saltsan, ijito besoa, edaria eta kafea. Afalosteko bertso musikatuen saioan parte hartuko dutenen zerrenda ere osatua dago jada; Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Iñigo Mantzisidor (Mantxi) eta Manex Mujika bertsolariak. Eta Ixak (kitarra) eta Gari (biolina) musikariak. Gai jartzailea: Haritz Casabal.
Martxoaren 22ko Gure Esku Dago Eguna, musika emanaldi sorpresa batekin hasiko da, eguerdiko poteo orduetan, frontoi inguruan.
Atxikimenduak biltzen
Larunbateko Gure Esku Dago Eguna, ekainaren 8ko giza-katea girotzeko baliatuko dute. Gogoan izan, 400 usurbildar batu nahi dituzte erabakitze eskubidearen aldeko ekimen honetarako. Sutegi atarian izan ziren ostiralean, Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldekoak. Informazio mahaia jarri zuten, nahi zuenak giza-katerako izena eman zezan. Aipaturikoa, gorantz doa hiru hilabete barru, euskal herritarrek Durango Iruñearekin eskuz esku lotuko duten ekimenerako izena emate kopuruak. Baina herritar gehiagoren atxikimenduak bildu nahi dituzte. Herritar bakoitzak, metro bat erosi beharko du 5 eurotan, giza-katean parte hartzeko.
Aurrez izena ematen duten aginagar, zubietar eta usurbildar guztiek, ekainaren 8an, Uharte-Arakilera gerturatu beharko dute. Giza-katea Sakanako udalerri honetatik ere igaroko da. Eta bertako eremu zehatz batean, antolatzaileek, usurbildar, aginagar eta zubietarrek parte hartzeko lekua gordea dute jada.