Kantuzaleak mugitu dituzte kortsikarrek



Amaitu da Kantu Taldeak antolaturiko Euskal Herria-Kortsika topaketa. L´Arcusgi taldekoen emanaldiarekin amaitu zen ostiralean. Sutegin eskaini zuten kontzertuan izan zen, NOAUA!ko kronistetako bat; Maddi Zaldua. Lerroon bidez azaldu digu, kultur etxeko auditorioan bizi izan zen giroa:

Kortsikatik Euskal Herrira

Orain lau bat urte izan nuen Kortsikako musika taldea ezagutzeko aukera. Orduz geroztik ez dut L’Arcusgiren arrastoa galdu, eta orain arte bezala, ostiralean, Sutegin eskainitako emanaldiarekin izugarri gozatu nuen. Iluntzeko 19:30ak aldera sartu nintzen kultur-etxeko auditorioan; bai, aitortu beharra daukat, betiko martxan, denboraz juxtu xamar ibili nintzela oraingoan ere. Ikus-entzulez beteriko gelan eserleku hutsa topatu eta musikarien emanaldia entzuteko prest. Minutu batzuk pasa ostean, argiak itzali eta isiltasuna nagusitu zen auditorioa. Orduan, txalo zaparrada batek lagunduta atera ziren musikari eta abeslariak agertokira eta hasi ziren kantuan. Eskaini zituzten Kortsikar hizkuntzan abesti ugari; “Cresce speranza”, “So Elli”,  “Resistenza”, besteak beste, baita zenbait euskal abesti ere; “Egoak” eta “Euskalduna naitz”. Konturatzerako, auditorioan bildu ginen guztiak "beste bat!, beste bat!" oihuka ari ginen. Ordu t’erdiz gozatu ederra! Ea laster taldearen beste emanaldi bat ikusteko aukera suertatzen den berriro ere; bitartean, jarraituko dut euren doinuak kantatzen.

Iruin bete zuten
Sutegin emanaldia eskaini eta gero, Zubietako sagardotegian kantu-afaria ospatu zen. Herritarrak, Kuxkuxtu txarangakoak eta otorduko gonbidatu bereziak ere bertan ziren; kortsikarrak, L ´Arcusgi taldekoak. Kantu festa afalostera arte luzatu zen.



Irudiak: Zaloa Arnaiz.

Harrera
Afalaurretik eta kontzertua hasi baino lehen, kortsikarrak Mikel Laboa plazan bildu ziren, Usurbilgo Udaleko, Kantu Taldeko eta Iparra-Hegoa fundazioko kideekin batera, honako ongi etorri argazkian.