Ondoko irudiko herritarra, Joxe Mari Lizaso. Martxoaren 2ko Tipi-Tapa amaieran, Bordatxon egin zen zozketan egokitu zitzaion, 150 euroko erosketa balea. Usurbildarrak Hurbilago Elkarteko edozein establezimendutan xahutu ahal izango du saria. Gainerakoontzako ohiko oharra; Tipi-Tapa txartela zigilu faltan baldin baduzue, ondo gorde hurrengo saiorako. Datorren ibilbide gastronomikoa, apirilaren 6an. Goiz eta eguerdi partean; Xarma, Txapeldun, Artzabal, Txiriboga, Aitzaga, Txirristra eta Bordatxo tabernetan. Zizka-mizka berezia eta edaria, 2 euroren truke.
Poteo-kalejira, Soinurbil Musika Astean
Ate joka dugu Zumarte Musika Eskolak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Musika Astea. Gogoan izan, martxoaren 25etik 30era ospatuko da edizio borobila, hamargarrena. Berezia, eragile desberdinen arteko elkar lanarekin osatuko baita egitaraua. Horien artean, Hurbilago, Usurbilgo Ostalarien eta Merkatarien Elkarteak eginiko ekarpenarekin.
Martxoko azken ostiralean, hilaren 28an, kalejira berezi bat antolatu da Kaxkoan. 19:00etan abiatuko da frontoitik. Zumarte Musika Eskolako Abesbatzak, Trikitilari Taldeak eta Txistulari Taldeak parte hartuko dute. Eta haiekin, Kantu Taldekoek. Musika eta kantua uztartuko ditu hitzordu berezi honek. Eta baita poteoa ere. Tipi-Tapa egitasmoan murgilduak dauden zazpi tabernak, hau da, Aitzaga, Txiriboga, Bordatxo, Txirristra, Xarma, Artzabal eta Txapeldun, Soinurbileko hitzordu honetan parte hartzera animatu dira. Kalejirak iraun artean, hau da, 19:00-21:00 artean, edariarekin pintxoak doan zerbitzatuko dituzte. Eta gainera, erronda eskatzerakoan Tipi-Tapa Txartela erakusten baduzue, 150 euroko erosketa balearen zozketarako zigiluak lortu ahal izango dituzue. Aipatu moduan, poteo-kalejira berezia, Soinurbil Musika Astean izango da, martxoaren 28an.