Gure Esku Dago Eguneko afaritarako txartelak erosteko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 19a, 12:05

13 eurotan eskura ditzakezue, Txapeldun, Artzabal, Antxeta, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga, Txiriboga eta Patri tabernetan. Asteazken hau, sarrerak salmentan jarriko dituzten azken eguna izango da. Gogoan izan, Usurbilgo Gure Esku Dago Eguna larunbat honetan, martxoaren 22an ospatuko da. Sorpresa musikal batekin eguerdian, eta bertso-musikatuek girotuko duten afari baten bueltan, Usurbilgo Gaztetxean.

Afaritarako menua honako hauxe duzue: entsaladilla errusiarra, biribilkia saltsan, ijito besoa, edaria eta kafea. Afalosteko bertso musikatuen saioan parte hartuko dutenak: Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Iñigo Mantzisidor (Mantxi) eta Manex Mujika bertsolariak. Eta Ixak (kitarra) eta Gari (biolina) musikariak. Gai jartzailea: Haritz Casabal.

300 atxikimendu, erronka betetzetik hurbilago
Larunbateko hitzorduotan gainera, ekainaren 8an Durango eta Iruñea milaka euskal herritarrek eskutik helduta osatuko duten giza-katean izen emateko aukera egongo da. Antolatzaileek informazio postua jartzekoak dira. Euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko ekimen honetarako atxikimenduak biltzen jarraitzen dute. 400 usurbildar batu nahi dituzte ekaineko giza-katerako. 300 herritarren  babesa lortu dute, Gure Esku Dago lan taldetik berri emandakoaren arabera. Erronka betetzetik gertuago dira beraz. Baina oraindik tartea bada. 

Larunbatean Gure Esku Dago lan taldekoek jarriko duten informazio mahaira gerturatu eta giza-katean parte hartzeko metroa 5 euroren truke erosi ahal izango da. Aurrez izena ematen duten aginagar, zubietar eta usurbildar guztiek, ekainaren 8an, Uharte-Arakilera gerturatu beharko dute. Giza-katea Sakanako udalerri honetatik ere igaroko da. Eta bertako eremu zehatz batean, antolatzaileek, usurbildar, aginagar eta zubietarrek parte hartzeko lekua gordea dute jada.