Eta hala segiko dute ostiralera arte, martxoaren 21era arte. Etzikoa izango baita, datozen Santixabeletan nork, zer eta zenbatean egin asmo duen proposatzeko azken eguna. Beste modu batera esanda, datozen herriko festetarako ekimenen bat antolatu nahi duenari, hiru egun geratzen zaizkio, ekitaldiaren zehaztasunak eta aurrekontua prestatu, eta Usurbilgo Udaleko Kultura Sailera helarazteko.
Aurreko urteetako edizioak aintzakotzat hartuta, 2014ko Santixabelak zertxobait atzeratuko dira. Ez dira ekaina amaieran hasiko. Uztailaren 1etik 6ra ospatuko dira, asteartetik igandera. Jai Batzordea sei egunotako festak prestatzen hasia da. Otsailean egin zuen lehen bilera. Bilkura hartan finkatu ziren datozen jaietarako datak.
Jai Batzordearen bigarren bilera, martxoaren 31n, astelehenez, arratsaldeko 18:00etan hasita Potxoenean. Parranda egunon lanketari begirako beste bi ohar; aurten ere, egitarau diseinu lehiaketa eta txupinazorako proposamenak biltzeko deialdi bana egin asmo du Jai Batzordeak. Laster emango dute, ekimenon berri.