Irailean ospatuko da, Usurbil Cup 2014

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 19a, 12:27

 

 


Eta ez ekainean, orain arte bezala. Txapelketa ikasleen ikasturte amaierarekin egokitzeak edota herrian urteko seigarren hilabetean dauden ekimen mordoak bultzatu du Usurbil FT-ko zuzendaritza, ehunka haur eta guraso mugiarazten dituen kirol ekimena atzeratzera. Eurentzat gaztetxoak txapelketako erdigune direla argi izanik, aldaketa onerako izango delakoan daude. Futbol klubak hartutako erabakiak, Hezkuntza Mahaiaren babesa du. 

Honenbestez, Usurbil FT-koen aurreikuspenen arabera, iraileko lehen asteburuan hasi eta iraila amaieran, 27-28 inguruan betiko jaialdi ukituko sari banaketarekin bukatuko da Usurbil Cup 2014. Tartean hiru asteburu egongo dira, talde parte hartzaileen arteko neurketak jokatzeko. Asteburuak eta baita aste egunak ere. Usurbil Cup irailean jokatzeak dakarren abantailetako bat, ikasleek iraileko arratsaldeak libre dituztela baita, ez dute klaserik. Eta asteburuetan ere asti gehiago, urrira arte ez baita abiatzen eskola kiroleko denboraldia. Egutegi aldaketak antolatzaileei lanak erraztuko dizkie eta ikasleak ere, udako oporraldiaren eraginez, indarberrituta eta lasaiago egongo dira.

 

Uda ostean, lasaiago
Azken urteotan, guraso eta irakasleengandik jasotako kezka edo proposamenen harira bideratu dute aldaketa hau Usurbil FT-koek. Euren esanetan, ekaineko ebaluazioa eta ikasturte amaieraren harira, ikasleak aztoratu samar sumatzen dituztela eta, data aldaketa eskatzen zuten. Antolatzaileek ere buruhausteak izan ohi dituzte, ekainean partiden ordutegiak finkatzerakoan. Ikasleen denbora faltagatik, edota Usurbil Cup Santixabelen aurretik amaitu beharra zutelako.
 
Iraila, bai antolatzaile, guraso eta jokalarientzat hilabete lasaiagoa izango delakoan daude. Kultur agendari begira ere, ez dute aurreikusten ekainean bezain beste ekintzarik egongo denik. Eta ikasleek arratsaldeetan klaserik ez dutela eta, aste egunak ere txapelketako partidak antolatzeko baliatzeko tarte zabalagoa dute orain.

Ikasleren egokitzapenerako lagungarri
Guztia, aipatu moduan, Hezkuntza Mahaiaren babesarekin. Udal ordezkari, guraso eta hezitzaileez osaturiko bilguneak begi onez ikusi du futbol klubeko zuzendaritzaren erabakia. “Aukera on bat zela ikusten zuten, Aginaga eta Zubietatik Udarregira etorri daitezkeen ikasle berrien integraziorako adibidez”, adierazi dute Usurbil FT-tik. Hezkuntza Mahaiak trataturiko lehen gaia gainera, trantsizioak eta egokitzapenak izan da. Usurbil Cup, gai hau lantzeko gune egokitzat jotzen dute.

 

Hezkuntza Mahaiak erakutsitako babesarekin lasai da Usurbil FT. Baina esku artean egoki kudeatu eta kezka eragiten dieten bi gai dituzte mahai gainean. Batetik, partidetan sortu ohi diren publiko eta epaileen arteko tentsio egoerak baretzen asmatu nahi dute. Eta txapelketari duena baino garrantzi gehiago ematea saihestu. Nola kudeatu, hortxe dago gakoa.

Baliabide mugatuak dituzte. Argi diote, dimentsio handiko kirol ekimen batetaz ari gara. Ia 400 haur, guraso gehiago eta Usurbil FT-ko dozena bat kide, antolaketa lan guztiei aurre egiteko. Denei ekimenerako ilusio eta gogorik ez zaie falta, baina alderdi honetan hobetu nahi lukete. Baita hondakinen kudeaketan ere. Partidak jokatzen direnean lurrean hainbeste zabor pilatzea eragotzi nahi dute. Edukiontziak jarri izan dituzte, baina euren esanetan, lurretik zakarra biltzen amaitzen dute. Gai honetan ere sakondu asmo dute aurten. Argi dute antolatzaile moduan gaiotan euren ardura dutela, baina ardura, txapelketaren bueltan biltzen den jendearekin partekatu nahi dute.

Izen ematea eta egun beteko ekimena, ekainean
Aldatuko ez den zerbait, izen ematearena da. Usurbil Cup txapelketan parte hartu asmo duten LHko eta DBH 1-2 ikasturteetako ikasleek, kirol ekimen honetarako ekainean apuntatu beharko dute. Antolatzaileek aurrerago emango dute izen emateko zehaztasunen berri. Hori bai, bada Usurbil FT-tik gai honen inguruan jakinarazi nahi duten ohar bat; 2013-2014 ikasturte honetako ikasleen maila hartuko dela kontuan, taldeak osatzerakoan. Alegia, apuntatzerakoan, ikasle bakoitzak aurten ze mailatan ikasten dabilen adierazi beharko duela, txapelketa irailean ospatuko den arren.

Ekainetik irailera hiru hilabete egonik, eta udako oporraldia tartean, izen ematearekin malguak izango direla iragarri dute. Taldeak hiru hilabete barru osatuta geratuko diren arren, azken orduan jokalari berriei tartea egiten ahaleginduko direla adierazi diote NOAUA!ri. Eta ekainerako beste hitzordu bat; Usurbil Cup txapelketak Santixabelen aurretik utziko duen hutsunea betetzeko, egun bateko jai giroko ekimen bat antolatzekotan da Usurbil FT.

 

Usurbil Cup eraldatua
Txapelketaren hasiera: irailaren 6-7ko asteburuan.
Finalak: irailaren 27-28ko asteburuan.
Iraupena: 3 aste.
Izen ematea: ekainean.
Parte hartzaileak: minibenjaminak (LH 1-2), benjaminak (LH 3-4), alebinak (LH 5-6) eta infantilak (DBH 1-2).
Ekimenaren izaera: ludikoa, ez lehiakorra.
Oharra: izen ematekoan, 2013-14 ikasturtea izango dute kontuan.
Antolatzailea: Usurbil F.T.