Arratsaldeko seiretarako hiru minutu falta direnean, negua atzean utzi (ed0 ez) eta murgilduko gara udaberrian. Urte garai honetako giro ederrarekin aldatuko gara urtaroz, nahiz egun eguzkitsuek ez duten askorik iraungo. Bihar, ostirala, lainotzen hasi eta astebururako berriz ere negu giroa iragarri dute:
Martxoak 20, osteguna
Gaur udaberrian ofizialki sartuko gara (17:57 ordu lokala) eta eguzkiarekin eta tenperaturaren igoerarekin emango diogu ongietorria. Egunaren lehen partean haizeak hego ukitua hartuko duenez termometroa 20 ºC-ra gerturatuko da. Zeru urdinean eguzkia jaun eta jabe izango da; arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira eta zenbait puntutan trumoiak joko duenik ezin dugu baztertu. Kostaldean ipar haizea sartuko da arratsaldean eta baliteke laino maskal batzuk bultzatzea arratsalde-gau parterako.
Martxoak 21, ostirala
Ostiralean hodeiak ugaritu eta eguna amaitu aurretik euritara joko du. Egunaren lehen partean haizea hego-mendebaldetik sartuko denez, lainotuz joango den arren, tenperatura atsegina eta goxoa izango da. Arratsaldean berriz, haizeak ipar-mendebaldera egin eta poliki-poliki kaskartuz joango da. Euria dakartzaten hodeiak sartu eta egunaren amaieran zaparradak botako ditu, bereziki kantauri isurialdean.
Martxoak 22, larunbata
Larunbatean hoztu eta euri giroa nagusituko da. Zerua guztiz lainotuta ikusiko dugu eta euria edonon eta edonoiz egingo duen arren, ugariagoa eta sarriagoa izango da kantauri isurialdean eta egunaren bigarren partean; orduan trumoi-ekaitzak jotzeko eta txingorra egiteko arriskua ere egongo da. Tenperaturak behera egingo du, epelenak 11-13 ºC-koak izango dira eta elurra geroz eta kota baxuagoetan ikusiko dugu; hasieran 1500 m-ren bueltan zurituko du, baina gauean 800 m-ra jaitsiko da. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du.