Lanera itzuliko dira astelehenean, IAT-ITVko langileak

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 20a, 12:10



Bai Urnieta eta Irungo zentroetakoak. 9 hilabete luzez greban egon ostean, bart iluntzean sinatu dute akordiorako oinarria langileek, TUV Rheinland enpresarekin. Akordiorako oinarri hau berresteko bilera dute gaur berriz, enpresako zuzendaritzak eta langileen batzordeak, Donostiako Precon. Astelehenean lanera itzultzekoak dira.

Usurbilgo Udalaren babesa
Urnieta eta Irungo IAT-ITV lantegietan bizi duten gatazka Usurbilgo Udalera eraman zuten langileek, joan den otsailaren 25ean burutu zen osoko ohiko bilkurara. Plenoa hasi aurretik, elkarretaratzea burutu zuten udaletxe atarian. Bizi duten egoera argi islatzen zuen, mobilizaziorako baliatu zuten pankartako aldarriak; "ITV 8 hilabete greban. Akordiorik gabe bakerik ez". 

Artean, greban zirela, mozioa erregistratu zuten udaletxean, otsailaren 25eko osoko bilkuran aztertua eta bozkatua izan zedin. Langileok bereziki erakundeen babesa jaso nahi zuten, "behar beste mugimendu burutuz Eusko Jaurlaritza presatzeko". Milaka gipuzkoarrei eragiten dien gatazka konpondu nahi zuten lehenbailehen, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gidariek euren ibilgailuei azterketa teknikoa burutzeko gunea libreki hautatzeko eskubidea bermatzea eskatzen zuten. Zerbitzu duin bat eskaini nahi diete erabiltzaileei. Eskakizunok biltzen zituen langileok aurkezturiko mozioak. Gehiengo osoz onartu zuen udalbatzak, EH Bildu, PSE-EE eta EAJ-PNVren aldeko bozkekin. Hamaikabat abstenitu zen.

MOZIOA
TÜV Rheinland Iberica S.A. derrigorrezko ibilgailuen azterketako zerbitzu publikoen ustiatze emakiduna da EAEko 8 IAT-etako bitan (Urnietan eta Irunen), Eusko Jaurlaritzako Industria sailak 30 urtez, 1994/01/01-2023/12/31 artean aktibitate honen ustiatzaile erregimenaren esleipena medio. Ibilgailuen azterketa teknikoen zerbitzu publikoan ezarririko kontzesio kontratuko erregimen juridikoan, bertan EAEko Industria zuzendariak zehaztutako lege eta arauak biltzen direlarik, Urnieta eta Irungo IATetako kontzesiodun TUV Rheinland Ibericari ezartzen zaizkio zerbitzuaren inguruko xehetasun guztiak, EAEko IATetako langileen baldintza nahiz eskuduntzak zehazten direlarik.

Gipuzkoako IATetako langileen baldintzak zehaztu eta erregulatzen dituen marko legala, Gipuzkoako PRECO “greba amaierako” akordioa da, sei hilabeteetako greba ondoren, TÜV Rheinland Iberica S.A. enpresa kontzesionario eta langile batzordearen artekoa. Bertan langileen lan baldintzez gain, aktibitatearen kudeaketa zuzena eta IAT zerbitzu publiko egokia eskaintzea bermatzen da.

Akordio honen iraupena 2011/12/31n amaitu zen eta enpresaren jarrera orain arte ezkorra izan da akordio hau berritu eta eguneratzeari dagokionez, horren ondorio dira langileen geldialdi eta mobilizazioak, egoera desblokeatze aldera protesta moduan.

2012an IATko zerbitzuak 126 egunez izan du honen eragina, eta 2013an, 65 geldialdi egun eta ekainaren 15az geroztik orain bitarte 160 egun baino gehiago dira greba egunak, enpresak langileei akordio hau berritzeko aukera ematen ez dielarik.

Gatazkaren ondorioak herritarrentzat beste lurralde batetara joan beharra da IATa egitera, gehiengoa Nafarroara, bertan enpresa kontzesioduna TÜV Rheinland Iberica S.A. delarik, Doneztebe, Arbizu eta Berriozar kasu. Horrela gipuzkoar IATko erabiltzaileak bereak diren nafar IATetara joatera behartzen ditu eta bertan ordu luzeetako ilara itxaronaraztea. Beste zenbait gidarik aldiz ez dute IATrik egiten eta Irungo IATak eskaintzen dituen ordu apurren zain gelditzen dira (40 egun bataz beste).

Ondorioz, 65 geldialdi egun eta 159 egun baino gehiagoko greba ondoren eta zerbitzua geldirik edo eskasiaz eskaintzen delarik bi gipuzkoar IAT hauetan 2013an, enpresaren kudeaketa pribatuaren jarrerak bultzaturik, gatazkaren amaiera ekarriko duen akordiora iritsi nahi ez duelarik. Ondorio moduan (kontzesio kontratua ez betetzearen arduraz gain) milaka gipuzkoarren eskubidearen kalte larria (2013an 80.000 baino gehiago izango dira gidari kaltetuak) EAEko administrazioak antolaturiko IAT zentroetara joaterik ez dutelarik.

EAEko administrazioagan kaltea azterketen fakturazioan dagokion kanona jasotzen ez duelarik.

Gipuzkoako Foru Aldundian  kaltea fakturako jasotzen duen BEZaren etorria izango ez duelarik.

Errepideetako segurtasunean ere eragina du, hainbat ibilgailu derrigorrezko IAT azterketa ikuskatu gabe dabiltzalako, hauen gidariak beste lurralde batera ez joatea erabaki dutelako, administrazioak derrigorrezko tramite hau Gipuzkoan normaltasunez egiteko aukera bermatu behar duelarik.

Hau guztiagatik, IATen kudeaketa EAEko administrazioko Seguritate Industrialeko Sailekoa izaki non kontzesio erregimena enpresa pribatuena den, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko zuzendariari dagokio IATen zerbitzuei buruzko hitzarmena betetzeko ardura zuzena. Denbora hau guztia igaro ondoren, ez da arrazoizkoa enpresari Gipuzkoako IAT zerbitzuak ez betetzea onartzea, aitzakiatzat akordio batekin amaiera eman nahi ez dion gatazka hau erabiliz. Bestalde langileok ez dakigu Eusko Jaurlaritzako dagokion sailak txostenik baduen, informaziozkoa bada ere, edo administrazioa beharturik dagoen auditoria eta azterketak bertan behera utziak dauden.

Urnieta eta Irungo langileak Industriari adierazi diote lehenbailehen adostasun batetara iristeko nahia, horrela IAT derrigorrezko zerbitzu publikoa %100ean eskaini ahal dadin, baita oraingo marko legalaren berrikuntza egokia burutu dadila. Gatazkaren amaiera berehalakoa izango da enpresak langileek onartuak dituzten eskubideak errespetatzeko borondatea badu. Hau dela eta, Urnieta eta Irungo langileek legezko ordezkariaren bitartez, eskatzen dute:

Erakundeen babesa, behar beste mugimendu burutuz Eusko Jaurlaritza presatzeko:
1-Beharrezko diren egin ahalak burutu ditzan lehenbailehen TÜV Rheinland Iberica S.A. enpresa kontzesiodunarekiko gatazka konpontzeko non milaka gipuzkoarrei eragiten dien.

2-EAEko gidariei ibilgailuen azterketarako IAT zentroa libreki hautatzeko eskubidea bermatzea, honetarako behar diren neurriak hartuz, non zerbitzua epe eta modu egokian eskaintzen delarik eta funtzio hauetarako behar beste langilerekin, horrela kalitatezko zerbitzua eskainiko delarik.

                                                                                                                                                                  Langileen Batzordea