Azken aldiko euriteek, herri bideak zigortzen jarraitzen dute

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 20a, 12:32

Negu gogorra izan dugu aurten, euriteek inguruotan zenbait eraikin eta herri bide kaltetu dituzte bereziki. Egoera honen aurrean, Usurbilgo Udalak hainbat konponketa bideratu behar izan ditu azken hilabete hauetan. Bi herri bide bere onera ekartzeko lanei ekin berri diote orain; Iartza-Larbain eta Urkamendi-Txantxon artekoak. Derrigorrean egin beharreko obrak direla berri eman du Udalak, denentzako onuragarri suertatuko direla, eta lanek eragingo dituzten eragozpenak ahalik eta lasterren amaituko direla espero dute.

Kalteek, arriskutsu bihurtu dituzte bideok
"Iartzatik Larbain aldera doan bidea, hormigoizko pistaz osatuta dago eta aspalditik zati bat zartatuta egon arren, nahiko egoera egonkor batean mantendu da. Azken boladan egindako euriteek ordea, zartatutako zatiak behera egin du eta bidearen egonkortasuna arriskuan geratu da. Gertakari honek bidea konpontzeko premian utzi du eta Udalak lehentasuna eman nahi izan dio. BERGARETXE enpresak gauzatuko ditu lanak eta guztiaren aurrekontua 17.154 € da.  Konponketak hasita daude eta aurreikusten da aste betean amaituta izango direla. Bitartean Larbain baserriak, Troiako Nekazalturismoak eta inguruko lur jabeek,  Usasku ingurutik izango dute sarbidea", ohartarazi dute Usurbilgo Udaletik. 

Urkamendi eta Txantxon arteko bidean, "berriki egin diren lanak amaituta zeuden baina, azken euriteek sortu dute urak bide azpitik bideratzea, eta bidea oraindik arriskuan egon litekeela ikusirik,  beste obra osagarria egin behar da bidea erabat sendotzeko. Lan hauek ere hasi dira eta BERGARETXE enpresari adjudikatu zaizkio eta guztira 15.019,17 € da aurrekontua", berri eman du usurbil.net atariak.