Tabernariak ere musika astean murgilduko dira

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 20a, 14:16


Zumarte Musika Eskolak eta Usurbilgo Udalak, Kantu Taldekoekin eta Hurbilago Elkartearekin batera martxoaren 28rako antolatu duten kalejira berezi batek, hilero lehen igandeetan Tipi-Tapa egitasmoan parte hartzen duten Txiriboga, Aitzaga, Xarma, Txirristra, Bordatxo, Artzabal eta Txapeldun tabernak lotuko ditu.

Arratsaldeko 19:00etan abiatuko da frontoitik, kantua eta musika uztartuko dituen ekimena. Zumarteko Abesbatzak, Trikitilari eta Txistulari Taldeak bilduko ditu hitzorduak. Baita kantu zaleak ere. Kantu Taldekoak eta abestera animatzen den orok  parte har dezake ekimen berezi honetan. Kalejira Kaxkoan barrena ibiliko da, besteak beste, kalez kale, eta tabernaz taberna. Tipi-Tapa egitasmoan parte hartzen duten zazpi edaritegietan geldialdiak egingo dituzte. Eta adi, afalaurretik, 19:00-21:00 artean, taberna hauetan edatekoa eskatzen duenak, pintxoa opari jasoko baitu. Tipi-Tapa Txartela eskura baduzue gainera, erronda eskatzerakoan tabernariari erakutsi eta 150 euroko erosketa balearen zozketarako zigilua eskuratu ahal izango duzue. 

Arrautzak, datorren Tipi-Tapako pintxoetan
Hurbilago Elkarteak hurrengo ibilbide gastronomikoa osatzera gonbidatzen ditu herritarrak. Apirilaren 6an izango da, ohi bezala, goizean hasi eta arratsaldeko 15:00ak bitarte. Datorren Tipi-Tapako produktu izarra, arrautzak  ditugu. Arrautzekin eginiko pintxo bereziak prestatuko dituzte, Txapeldun, Artzabal, Xarma, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga eta Txiriboga tabernetan. Edaria eta zizka-mizka berezia, 2 euroren truke dastatu ahal izango dira. Ez ahaztu Tipi-Tapa Txartela eramateaz. Taberna guztietako zigiluak lortu eta txartela edaritegiotako baten kaxan utzita, 15:00etan Txirristran ospatuko den 150 euroko erosketa balearen zozketan parte hartu ahalko duzue.

Joxe Mari Lizaso izan da, Tipi-Tapako martxoko saritua:


Irudia: Iban Perez.