Horretarako antolatu du hain zuzen, larunbat honetarako, martxoaren 22rako, Gure Esku Dago Eguna, izen bereko Usurbilgo lan taldeak. Ekainaren 8an Durango eta Iruñea, giza kate bidez euskaldunek eskutik helduta lotuko baitituzte eta erabakitze eskubidearen aldeko ekimen honetan parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak.
Esku hartzeko egin beharrekoa erraza da. Larunbatean bertan, informazio postua jartzekoak dira Gure Esku Dago bilgunekoak. Bertan eman ahalko da giza-katerako izena. 5 euro ordaindu eta ekimen berezi honetan parte hartzeko metroa eskuratu ahal izango da. Usurbilen izena eman duten herritarrek, Uharte-Arakilen dute hitzordua ekainaren 8an. Sakana aldean egokitu zaio Usurbili, giza-katean parte hartzeko eremua. Ekimen honetarako 400 usurbildar batu nahi dituzte. Antolatzaileen esanetan, 300 jada lortu dituzte. Erronka betetzeko tartea geratzen da oraindik. Larunbat honetan, izen emateko aukera berria.
Musika, bertsoak...
Eta afaria Usurbilgo Gaztetxean. Otordu goxo baten bueltan amaituko da martxoaren 22ko Usurbilgo Gure Esku Dago Eguna. Txartelak erosteko epea amaitu da. Afalostean, bertso musikatuen saioa, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Iñigo Mantzisidor (Mantxi) eta Manex Mujika bertsolariekin. Eta Ixak (kitarra) eta Gari (biolina) musikariekin. Gai jartzailea: Haritz Casabal.
Gure Esku Dago Eguna hasi ere, musikarekin hasiko da. Sorpresa musikal batekin. Gerturatu larunbat eguerdian, 13:00ak aldera frontoi ingurura.