Deialdi honetako oinarriak, ostiral honetako, martxoaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ditu Usurbilgo Udalak. Hemen duzue aldizkarirako lotura: Txaramunto
Esleipen prozesua martxan da. Larunbat honetatik, martxoaren 22etik zenbatzen hasita, 20 eguneko tartea dute interesdunek , Usurbilgo Udaleko erregistrora joan eta eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko.
Txaramunto kalea 2an (San Inazioko errotonda eta bus geltoki ondoan) kokatua dagoen eraikineko etxebizitzak dira esleituko direnak. "Udal jabetzako 12 etxebizitza, bere garajeekin", herrialde mailako aldizkari ofizialak jasotzen duenez. Eraikinak 3 bizileku ditu beheko solairuan, hiruna lehen bi solairuetan eta beste hiru atikoan. Guztiak bi logelako pisuak dira, bakoitza bere garajearekin.
8 pisu zozketan
12 bizilekuotatik zortzi dira esleituko direnak hasiera batean, beste laurak okupatuta baitaude. "Libre geratzen direnean berriro esleituko dira, horretarako oinarri hauen arabera osatuko diren itxarote-zerrendak erabiliz", hala diote Usurbilgo Udalak kaleratu dituen oinarriek. Alokairu kontratuen iraupena gutxienez 3 urtekoa izango da, gehienez bostekoa.
Esleipen prozesua, pausoz pauso
-Eskabideak aurkezteko 20 egun, martxoaren 22tik zenbatzen hasita.
-Eskariak aztertu ostean, behin behineko onartu eta baztertuen zerrendak argitaratuko ditu Udalak.
-Segidan, 10 lan egunez jendaurrean ikusgai jarriko dira zerrendok. Alegazioak aurkezteko aukera.
-Alegazioei erantzun eta behin behineko zerrenda, behin betiko onartuko du Udalak.
-Etxebizitzak zozketa bidez esleituko dira, kupoka.
-Zozketa egin ostean, gainerako eskabideekin, itxarote zerrendak osatuko dira.
Zozketarako kupoak
Kupoka zozketatuko dira etxebizitzak. Kupo hauek ondoko lehentasun-hurrenkera izango dute:
-Ezinduak: etxebizitza bat.
-Etxebizitza premia berezia duten eskatzaileak: adimen edo garapen-desgaitasuna dutenak, gerora sortutako ordaintzeko ezinagatik ohiko etxebizitza jabetza galdu dutenak, genero-indarkeriaren biktima direnak, edo 70 urtetik gorako pertsonak, bananduak, dibortziatuak eta alargunak. 3 etxebizitza.
-Etxebizitza premia duten eskatzaile edo bizikidetza-unitate espezifikoak: beren kargura adin txikikoak dituzten guraso bakarreko bizikidetza-unitateak eta 30 urtetik beherakoak. 3 etxebizitza.
-Kupo orokorra: aurreko kupoetarako gordetzen ez diren etxebizitzek osatuko dute. Etxebizitza bat gutxienez.