"Gure gorputza, gure erabakia" lelopean, manifestazio nazionala deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, apirilaren 5erako, arratsaldeko 17:30etan Iruñean. Golem zinemetatik abiatuko da, abortatzeko eskubidearen alde egingo den mobilizazioa.
"Aldarrikapenaren erdigunean emakumeon gorputz askeak eta burujabeak jarriko ditugu, baita dagozkigun sexu eta ugalketa eskubideak ere, ama izateko edota ez izateko eskubidea barne. Honen bidez, aurre egin nahi diogu PPren proiektu birgogortzaileari, kolpe batez ezabatzen baititu sexu eta ugalketa eskubideei buruzko legeak, diktadura frankistaren garai atzerakoietako abortatze praktiketara atzera eginez. Honenbestez, deia luzatu nahi diegu usurbildarrei mobilizazio honetan eta etorkizunean burutuko diren dinamiketan ere parte hartzera", adierazi dute deitzaileek.
Iruñeara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo mugimendu feministak. Izen emateko zerrendak, Aitzagan, Txiribogan eta Txirristran jarri dituzte. Iruñeako manifestaziora joan etorria egingo duen autobuserako, martxoaren 29ra arte apuntatu liteke.