Ikasle Abertzaleak-ek ostegunerako, martxoaren 27rako deitu duen greba orokorrarekin bat egingo dute Usurbilgo ikasleek. " Rajoy, Wert eta enparauek inposatu nahi diguten LOMCE" legearen aurka eta hezkuntza eredu propio baten alde mobilizatuko dira.
Usurbilgo Ikasle Abertzaleak-ek hainbat ekimen bideratu du, hiru egun barrurako; elkarretaratzea, hitzaldi-tailerra, manifestazioa... Gazte erakundearen esanetan, hezkuntza araudi berria, "gure hezkuntza sistema propioaren aurka doa. Hain zuzen ere, kapitalismoaren, espainiar zein frantziar estatuen eta patriarkatuaren mesedetan dauden erreforma hauekin klase, nazio eta genero zapalkuntzetan sakontzea dute helburu, ikasleon interesen kontra kokatuz. Ez ditugu ikasleon eta oro har herritarron kontra doazen hezkuntza erreformak onartuko, ezta gaur egungo hezkuntza eredu ustela ere".
Gaineratzen dutenez, "honen aurrean, Euskal Herriko ikasleria kalera aterako gara, indar guzti honekin, ikasle borrokan fase berri baten irekiera beharrezkoa baita. Ikasleok gaurdanik Euskal Herriak behar eta nahi duen hezkuntza eredu propioa eraikitzen hasteko bidea hartuko dugu. Geroa marrazteari ekingo diogu. Euskal Eskola Nazionalari ekingo diogu".
Hona hemen, osteguneko greba egunerako iragarri dituzten ekimenen egitaraua:
Martxoak 27, osteguna
8:30 Gosaria (Udarregi Ikastolako erdiko aretoan edo frontoian).
9:30 LOMCEren aurkako bizikleta martxa zaratatsua herritik.
10:30 LOMCEren inguruko hitzaldi-tailerra.
12:15 Elkarretaratzea, Udarregi Ikastolako atarian.
16:00 Mural margoketa.
19:00 Eskualdeko manifestazioa Lasarte-Orian.
Deitzailea: Usurbilgo Ikasle Abertzaleak.