113 lagun bildu ginen afaritan.
Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik eskerrak eman beharrean gaude jende askori, eta horretarako baliatu nahi ditugu lerrook. Mila esker Gure Esku Dago Eguna hain borobila izaten lagundu zeniguten guztiei: Batukada feministari, Usurbilgo eta Akerra gaztetxeei, afari goxoa egin zuten Aldapa, Ximio eta Romani eta sukaldaritza eskolako irakasle eta ikasleei, afaria ematen lagundutakoei eta afalostea girotu zuten musikari eta bertsolariei. Ezin genitzake aipatu gabe utzi Aitzaga elkartea, Atxegaldeko Jai Batzordea, Lontxo Zubiria eta Imanol Azpiroz, besteak beste. Eta nola ez, eskerrik asko etorri zineten herritar guztiei: ez zitzaigun burutik ere pasa hainbeste lagun elkartuko ginenik bertan. Beste behin ere bikain erantzun zenioten gure deialdiari, eta esker oneko hitzak besterik ez ditugu. Dudarik gabe, bide onetik goazela ikusarazi zeniguten, eta horrek indarra ematen digu aurrera egiteko. Mila esker, bihotzez.
Noaua!-k utzitako tarte hau aprobetxatu nahi genuke, bide batez, aste honetarako ekitaldiak iragartzeko. Bitan jarriko dugu mahaia: ostiralean, 19:00etan, eta igande eguerdian. Bukatzeko, gogoratuko duzuenez, otsaila hasieran ekin genion "Baietz 400!" erronkari, eta dagoeneko 326 atxikimendu lortu ditugu. Gutxi falta da, beraz, helburua betetzeko! Erronka handitu beharko dugu!
Mila esker, beste behin ere.