2013ko balantzea eta 2014rako planak aztertu ziren NOAUA!ko Batzar Nagusian

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 25a, 19:34

Astelehen honetan, Potxoenean genuen hitzordua NOAUA! Kultur Elkarteko bazkideok: 2014ko Batzar Nagusia. Jende asko ez zen batu, hori ez zen nobedadea izan. Baina izan zen berrikuntzarik. Zuzendaritza taldean kide gazteak batu dira eta lehendakari kargua ere berritu egin da. Aurrerantzean, Idoia Torregaraik hartuko du Ana Aizpuruak utzi duen lekukoa.

Ohi bezala, 2013ko balantzea aurkeztu zen lehenbizi eta  2014ko egitasmoak azaldu ziren segidan, NOAUA! Kultur Elkarteko Ohiko Batzar Nagusian.  
Argitalpenen arloan, astekaria sendotu eta noaua.com berritzea izango dira erronka nagusiak. Dagoeneko sarean da noaua.com berritua eta laster emango ditugu aditzera web  orriaren inguruko xehetasun gehiago.
Kultur arloan, hainbat ekitaldi bideratu ohi ditu NOAUA!k. Batzuk dagoeneko sustraitu egin dira eta horregatik, 2014an ere, jarraipena emango zaie: Inauteriak, Film Laburrak, Sagastiak Loretan, Plis Plas Txalo ta Jolas, Kulturaldia udazken partean, Santo Tomas azoka abenduan...  Herri ondarea ezagutzeko ibilbide batzuk egin dira azken hilabeteetan, arrakasta handiarekin. Jendea ibilbide gehiago egiteko egarriz geratu denez, 2014an ere jarraipena emango zaio ekimen honi.

Idoia Torregarai, lehendakari berria
Aspaldi honetan, zuzendaritza talde berbera aritu da lanean. Aurten, kide berriak batu dira NOAUA! Kultur Elkartearen erabaki organoetara. Batzar Nagusiak hala erabakita, Idoia Torregarai izango da lehendakari lanetan arituko dena aurrerantzean. NOAUA! elkarteko zein aldizkariko sortzaileetako bat, UEUko komunikazio arduraduna da gaur egun Idoia Torregarai. Ana Aizpurua ordezkatuko du. Hala ere, zuzendaritza taldean jarraituko du  Ana Aizpuruak, bere onena ematen.

Gazte jendea, zuzendaritza taldean
Idoia Torregarairekin batera, zuzendaritza berrian jende gaztea egongo da: Ainhoa Aizpurua, Maialen Unanue eta Nerea Bordagarai. Pello Aranburu, Ana Aizpurua eta NOAUA!ko langileekin batera arituko dira lanean.