Hondakinen kudeaketa eta tren pasabideak, osoko bilkurako udal ordezkarien ahotan

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 25a, 20:29

Ezustekorik gabe, normaltasun osoz burutu da martxoko osoko ohiko bilkura. Mahai gainean jarri diren gai guztiak onartu ditu udalbatzak, gehiengo osoz. Nabarmentzekoen artean, Usurbilgo hondakinen kudeaketari loturiko bi erabaki. Hondakinen udal ordenantza berria hasieraz aldatzea onartu baita. Egungoa ordezkatuko du, eta Jose Maria Rivadeneyra zinegotziak aurreratu duenez, atez ate biltzen ez diren beste hondakinen bilketa, poligonoetakoa, arau hausteak, eta euskararen tratamenduari loturiko atalak hobetuko ditu.

Udal ordenantzarekin batera, hondakinen bilketa zerbitzuari loturiko ordenantza fiskalak aldatzea ere onartu du udalbatzak, gehiengoz baita. Eta hemen, aspaldi iragarria egon eta gauzatze bidean den neurri berria; etorkizunean, usurbildarrek, sorturiko hondakin kopuruaren araberako zerga ordaindu beharko dute. Bitan zatituko da, herritar bakoitzak sortzen duen erreusagatik ordaindu beharko duen zerga. Batetik, zati finkoa izango du, denek berdin pagatu beharrekoa, eta bestetik sortutako erreus kopuruaren mende egongo den zati aldakorra. Kasu honetan, zenbat eta hondakin gehiago sortu, gehiago ordaindu beharko da. Gutxiago sortzen duenari, zati aldakor honi dagokion diru-kopurua murriztuko zaio. Herritarrek halere, berrikuntza hau ez omen dute askorik nabarituko. Momentuz, neurri berri honek erreusaren bilketari baino ez dio eragingo.  

Auzokonpostan aritzen direnei, trukean aplikatzen zaizkien hobarietan ere aldaketak iragarri ditu gobernu taldeak. Aurrerantzean, bizilagunek euren kabuz kudeatzen duten auzokonpostatze guneetan, orain arte bezala, erabiltzaileei %40 murriztuko diete hondakinei loturiko zerga. Aldiz, eta hemen dator aldaketa, Udalaren laguntza jasotzen duten auzokonpostatze guneetan parte hartzen duten herritarrei %20ko hobaria aplikatuko zaie. Orain arte, %40koa zuten.  Modu honetan, auzokonpostatze guneetan autogestioa sustatu nahi du Udalak.

Hondakinen kudeaketari loturiko erabakioz gain, beste kontu batzuk ere jorratu dituzte gaurko osoko bilkuran. Tartean, Udalak alokairuan dituen 19 etxebizitzen administrazioa eta mantenua kudeatzeko, Alokabiderekin hitzarmen berri bat sinatzearen alde agertu da udalbatza. Udal lanpostuen balorazioaren errebisioa ere ontzat jo dute udal ordezkari gehienek eta aho batez onartu dute bestalde, PSE-EE udal taldeak tren pasaguneak ezabatzeko mozio bidez aurkeztu duen eskaera. Hona hemen, gaur arratsaldean udalbatza aretoan jorratu diren gaien bozketa emaitzak:

-Udalak alokairuan dituen 19 etxebizitzen administrazioa eta mantenua kudeatzeko Alokabide, S.A. eta Usurbilgo Udalaren artean izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmen berria onartzea: alde, EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE. Abstentzioa, Hamaikabat.

-Lanpostuen balorazioaren errebisioa onartzea. Bi bozketa egin dira. Emaitza bera bi bozketetan: alde, Bildu. Abstentzioa, Aralar, Hamaikabat, EAJ-PNV eta PSE-EE.

-Lanpostuen zerrendaren hasierako onarpena: alde, Bildu. Abstentzioa, Aralar, EAJ-PNV eta PSE-EE. Aurka, Hamaikabat.

-Usurbilgo udalerrian hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua arautzen duen udal ordenantza hasieraz onartzea: alde Bildu eta Aralar. Abstentzioa EAJ-PNV. Aurka, PSE-EE eta Hamaikabat.

-Hondakin bilketa zerbitzuaren ordenantza fiskala aldatzea: alde Bildu eta Aralar. Abstentzioa, EAJ-PNV. Aurka, Hamaikabat eta PSE-EE.

-Euskal Sozialistak udal taldeak aurkeztutako mozioa: tren pasaguneak ezabatzea: aho batez onartua.