Kataluniako independentzia aztergai, 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 26a, 11:37

"Kataluniako independentzia, Euskal Herriko independentziaren gelaurrea" izeneko hitzaldia antolatu du Nafartarrak taldeak, asteazken honetarako, martxoaren 26rako, arratsaldeko 19:00etan Sutegiko auditorioan. Hitzaldia, Victor Alexandre, Bartzelonako kazetari eta idazleak bideratuko du. Ekitaldia, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuak 2013ko urtarrilean eginiko burujabetza adierazpena baliorik gabe utzi duela jakin eta ordu gutxira ospatuko da.

Nafartarrak taldetik, hitzaldiaren edukiaren aurrerapena helarazi digute. "Kataluniako independentzia prozesuak jakinmina piztu du mundu osoan, arrazoi ezberdinengatik, baina batez ere bi arrazoirengatik: lehenengoa, azken urteotan hartu duen indarragatik, eta bigarrenik, bere gizatasunagatik. Espainiak errealitate hori ukatzen du eta zirkunstantziak, langabezia edo gizarte zerbitzuetako murrizketak ezkutatzea helburu izango lukeen buruzagi politiko katalanen estrategia hutsari egozten dizkiote. Halere, hau ez da horrela. "Via Catalana"ren indarra gizartean dago. Gizartea da, eta ez klase politikoa, trantsizio nazionalerako mugimendua gidatu eta aurrera jarraitzeko agenda markatzen duena. Eta garrantzitsuena, nazioarteko erreferentzia izan daitekeena, prozesu honetako formak dira, demokrazian eta bakean oinarrituriko formak". 

Demokrazia eta absolutismoa, aurrez aurre
"Kataluniak estatu independente bat izatea lortuko al du? Zer gertatuko da gainerako Herrialde Katalanekin? Gertakariok zer eragin izan dezakete Euskal Herriaren etorkizun politikoan? Espainiak herri euskaldun eta katalanaren erabakia onartuko al du? Espainiak printzipio gisa, Katalunia eta Euskal Herria Europako nazioak direla onartzen al du? 

2014. urte honetan, Kataluniako erreferendum egunaren bueltan, Bruselak bere nagikeria alboratu eta bere baitan hartzen dituen herri guztiak erabat aske izan gabe, benetako Europar Batasuna ez dela posible izango barneratu beharko du. Bi zibilizazio guztiz desberdinen arteko borrokaren aurrean gaude: katalana-demokratikoa-eta espainiarra-absolutista. Ez da beraz, Katalunia eta Espainiaren arteko borroka, demokrazia eta absolutismoaren artekoa baizik".