Ur emari handiarekin, oso goian zetorren Oria gaur goizean. Zubietako Aliri zubitik ez oso urruti, Troia parean, gutxi falta zuen bere bidetik ateratzeko. Santuenea inguruan ere indar handiz zihoan itsasorantz.
Prezipitazio iraunkorragatik, atzotik dugun abisu horiak indarrean jarraituko du gaur arratsaldeko 18:00ak arte. "Euri txiki-ertaina egingo du, zenbait lekutan iraunkorra eta oso ugaria izango da", Euskalmet metereologia agentziatik berri eman dutenez. "Arratsaldetik aurrera euria egiten jarraitu arren, zaparradak ez dira hain mardulak izango eta ez ditu hain sarri botako. Hala ere, trumoi-ekaitzak izateko eta txingorra botatzeko arriskuarekin jarraituko dugu ia egun osoan", Euskalmet-en esanetan.
Adi beraz, errepidera atera behar baduzue. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez bestalde, auto batek matxura izan du N-634 errepidean Usurbilen. Auto ilarak eragin ditu.
Bihar, osteguna, hobekuntza nabarmena. Goizean goiz botako ditu azken zaparradak. Gero atertzera joko du.