Eta horrekin batera, baita hasieraz ere udal lanpostuen zerrenda, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. Udal lanpostuen berrikuspenak 17 lanposturi eragin die. Horietatik, Mertxe Aizpurua alkateak atzoko saioan berri ematen zuenez, sei lanposturen mailan eragina izan du. Otsaila amaieran eman zitzaien udal langileei, aldaketon berri. "Adostasun maila altuarekin hartu dira erabakiak, bi kasutan izan ezik. Eta bi kasuotan, lanpostuak lehen bezala geratu dira", adierazi zuen alkateak osoko bilkuran.
Udal lanpostuak berrikusterakoan, aldaketarik egin behar bazen, erabakia adostasunez hartzea onartua zuen, gai hau landu duen udal mahaiak. "Adostasunik ez bazen, lanpostuak bere horretan mantenduko zirela" erabakia zuten aipatu lan taldea osatzen zuten, gobernu taldeko lau kideek, eta Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten sindikatuetako ordezkariek.
Bi urtean behin burutzen dituen lanpostuen errebisio lanak iaz abiatu zituen Usurbilgo Udalak. LKS aholkularitza enpresaren laguntzarekin berrikusi dituzte udal lanpostuak. Tartean, langileek alegazioak aurkezteko aukera izan dute. Eta lanpostuen errebisioari loturiko balorazioa atzoko osoko ohiko bilkuran onartu zen gehiengoz, gobernu taldeko kideen aldeko bozkekin. Gainerako udal taldeak abstenitu ziren.
Udal lanpostuen zerrenda ere hasieraz onartu zuen udalbatzak, gobernu taldearen babesarekin. Aralar, EAJ-PNV eta PSE-EE abstenitu ziren. Hamaikabatek aurka bozkatu zuen.