Guztira, egun, 19 etxebizitza ditu alokairuan Usurbilgo Udalak. 12 Txaramunton (bizilekuok esleitzeko prozedura abiatu berri da) eta beste 7 Gernika ibilbidean, Maixu etxe izenez ezagutzen dugun Agerialde ondoko eraikinean. Pisu guztion administrazioa eta mantenua kudeatzeko hitzarmen berria sinatuko du Usurbilgo Udalak Alokabide S.A.-rekin. Hala erabaki zuen udalbatzak, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. Udal talde guztiak proposamenaren alde agertu ziren, Hamaikabat ezik, bozketan abstenitu baitzen.
Datorrenak, 2009tik indarrean zegoen hitzarmena ordezkatuko du. Ordutik, azken urteotan hainbat aldaketa txertatu dituzte. Eta orain, egoki ikusi dute bi aldeek, aldaketa guztiok hitzarmen berri batean jasotzea.
Txaramuntoko alokairuko etxebizitzak esleitzera doa Udala
Deialdi honetako oinarriak, martxoaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituen Usurbilgo Udalak. Hemen duzue aldizkarirako lotura: Txaramunto
Esleipen prozesua martxan da. Apirilaren 10era arteko tartea dute interesdunek , Usurbilgo Udaleko erregistrora joan eta eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko. Leku berean eskuratu daitezke, eskabide orriak eta oinarrien inguruko informazioa.
Txaramunto kalea 2an (San Inazioko errotonda eta bus geltoki ondoan) kokatua dagoen eraikineko etxebizitzak dira esleituko direnak. "Udal jabetzako 12 etxebizitza, bere garajeekin", herrialde mailako aldizkari ofizialak jasotzen duenez. 40-59 metro karratu artekoak. Eraikinak 3 bizileku ditu beheko solairuan, hiruna lehen bi solairuetan eta beste hiru atikoan. Guztiak bi logelako pisuak dira, bakoitza bere garajearekin.
8 pisu zozketan
12 bizilekuotatik zortzi dira esleituko direnak hasiera batean, beste laurak okupatuta baitaude. "Libre geratzen direnean berriro esleituko dira, horretarako oinarri hauen arabera osatuko diren itxarote-zerrendak erabiliz", hala diote Usurbilgo Udalak kaleratu dituen oinarriek. Alokairu kontratuen iraupena urtebetekoa izango da, bost urtera arte luzagarria. Urtez urte berrikusiko da.
Esleipen prozesua, pausoz pauso
-Eskabideak aurkezteko epea: apirilaren 10era arte.
-Eskariak aztertu ostean, behin behineko onartu eta baztertuen zerrendak argitaratuko ditu Udalak.
-Segidan, 10 lan egunez jendaurrean ikusgai jarriko dira zerrendok. Alegazioak aurkezteko aukera.
-Alegazioei erantzun eta behin behineko zerrenda, behin betiko onartuko du Udalak.
-Etxebizitzak zozketa bidez esleituko dira, kupoka.
-Zozketa egin ostean, gainerako eskabideekin, itxarote zerrendak osatuko dira.
Zozketarako kupoak
Kupoka zozketatuko dira etxebizitzak. Kupo hauek ondoko lehentasun-hurrenkera izango dute:
-Ezinduak: etxebizitza bat.
-Etxebizitza premia berezia duten eskatzaileak: adimen edo garapen-desgaitasuna dutenak, gerora sortutako ordaintzeko ezinagatik ohiko etxebizitza jabetza galdu dutenak, genero-indarkeriaren biktima direnak, edo 70 urtetik gorako pertsonak, bananduak, dibortziatuak eta alargunak. 3 etxebizitza.
-Etxebizitza premia duten eskatzaile edo bizikidetza-unitate espezifikoak: beren kargura adin txikikoak dituzten guraso bakarreko bizikidetza-unitateak eta 30 urtetik beherakoak. 3 etxebizitza.
-Kupo orokorra: aurreko kupoetarako gordetzen ez diren etxebizitzek osatuko dute. Etxebizitza bat gutxienez.