Tren pasabideak ezabatzeko eskaera udalbatzatik

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 26a, 18:00



PSE-EEk aurkezturiko mozio baten bidez, ondoko irudikoa bezalako Usurbilgo tren pasabide guztiak ezabatzea eskatu zuten udal talde guztiek, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. Udal ordezkariek aho batez onarturiko bi puntuko testuak, honela dio:

1. Usurbilgo Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dei egiten dio, herrian dauden 8 tren pasaguneak eta nasen arteko pasabidea ezabatzeko. Gure herria Gipuzkoan dagoen tren pasagune gehien duen herria delako eta Euskal Autonomi Erkidegoan bigarrena izanik Euskal trenbide sarean.

2. Usurbilgo Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, Euskal Trenbide Sareari (ETS) eta Eusko Legebiltzarrari akordio honen berri emango dio.  

Proiektua prest, aurrekontua falta
Usurbilgo Udalak gai hau aspalditik du mahai gainean. Eusko Jaurlaritzako egungo eta aurreko ordezkariekin bildu izan dira, tren pasaguneak ezabatzea eskatzeko. Udalaren kezka iturri nagusi dira, herritar mugimendu gehien izaten duten Troia eta Atalluko pasabideak. Usurbildik eginiko eskaeren aurrean, gaur arte Gasteizek ez du egoera bideratzerik izan, finantziazio arazoengatik. Halere, pauso bat eman du Jaurlaritzak, atzoko osoko ohiko bilkuran, Mertxe Aizpurua alkateak berri eman zuenez; Atalluko pasabideari loturiko proiektua egina dago. 800.000 euroko inbertsioa aurreikusten dute tren geltoki ingururako. Alkateak esan zuenez, lehentasuna emango dio Jaurlaritzak proiektu honi, baina aurrerago. Egungo egoera ekonomikoa aldatzen denean. 

Atzo, osoko bilkuran onarturiko mozioak Atallukoa eta Usurbilgo lur eremuan dauden beste zazpi pasagune ezabatzea eskatzen du. Sozialistek aurkezturiko testuak jasotzen duenez, pasabideok ezabatzea da hain zuzen, gune horietako "oinezko eta auto istripuak saihesteko" modu bakarra. Eta pasabideak kendu ezin diren kasuetan, ahalik eta segurtasun neurri handienak hartzea galdegiten du.