Hasieraz onartu zen astearteko osoko ohiko bilkuran, EH Bilduko udal ordezkarien aldeko bozkekin. EAJ-PNV-ko zinegotzia abstenitu zen. Hamaikabat eta PSE-EEkoak aurka agertu ziren. Aldaketarik ez bada, neurri hau behin betiko onartu eta indarrean jarriko duten unetik, herritar bakoitzak ordaindu beharko duen hondakinen tarifa bitan zatituko da. Tarifak zati finkoa izango du, denek berdin pagatu beharrekoa, eta bestetik sortutako erreus kopuruaren mende egongo den zati aldakorra. Kasu honetan, zenbat eta hondakin gehiago sortu, gehiago ordaindu beharko da. Gutxiago sortzen duenari, zati aldakor honi dagokion diru-kopurua murriztuko zaio.
Sortzez besteko ordainketa abiatzea, "gure ingurumenarekiko errespetuak agintzen digun urratsa" dela dio gobernu taldeak. Pauso berria, Usurbilgo atez ateko bilketak bost urte bete berri dituen honetan. Orain arte enpresetan aplikatzen zen sistema, aurrerantzean etxebizitzetara zabalduko da. Oraingoz, Udalaren esanetan, tratamendu kostu handiena eragiten duen erreusaren bilketarekin aplikatuko da ordainketa sistema berria. Beste hondakin zatiekin, momentuz ez. Herritar bakoitzak etxe atarira ateratako poltsa kopuruaren arabera neurtuko da, erreusari loturiko tarifaren zati aldakorra. Halere, neurri berri hau ez dute askorik nabarituko herritarrek, Jose Maria Rivadeneyra zinegotziak astearteko osoko ohiko bilkuran azaldu zuenez.
Hauxe da gobernu taldeak, hondakinen bilketa zerbitzuaren udal ordenantza barruan, txertatzea proposatu duen aldaketa fiskala. Hasieraz onartu zuen udalbatzak gehiengoz martxoaren 25eko osoko bilkuran. Baina bada besterik ere. Auzokonpostatze egitasmoan parte hartzen ari diren herritarrei aplikatzen zaizkien hobarietan ere berrikuntza bat proposatu baitu udal gobernu taldeak. Azken osoko bilkuran, gehiengoz hasieraz onartu zena. Kudeaketa lanetan, Udalaren laguntza jasotzen duten auzokonpostatze guneetako herritarrei, %40tik %20ra murriztuko zaie, orain arte aplikatzen zitzaien hobaria. Herritarrek kudeatzen duten guneetan, hobariak bere horretan mantenduko dira. Orain arte bezala, %40an. Aldaketa honen zergatia, Rivadeneyra ingurumen zinegotziak azaldu zuen, herenegun. Neurri honekin, auzokonpostatze guneak, gune autogestionatuak, herritarrek kudeaturikoak izatea sustatu nahi dute.
Hondakinen udal ordenantza ere, hasieraz onartua
Bost urte bete berri ditu atez ateko bilketa sistemak Usurbilen. Beste hainbeste urte ditu hondakinen bilketa eta tratamenduari loturiko udal ordenantzak. 2009az geroztik hainbat aldaketa puntual bideratu dituzten arren, aipatu araudiari "goitik beherako" errepasoa ematea erabaki dio orain, gobernu taldeak. Hainbat hobekuntza biltzen ditu dokumentu eraberrituak; hala nola, atez atekotik kanpo dauden gainerako hondakinen bilketari loturikoak. Orain arteko testuak ez bezala, euskara lehenetsiko udal ordenantza honek. Arau hausteen atala ere egokitu du gobernu taldeak, "ordenantzan hobeto nola jaso ikusi da", isun kopurua dezente jaitsi dela nabaritu ostean. "Esperientziak gauzak hobetzeko balio izan digu", zioen ingurumen zinegotziak azken osoko bilkuran. Udal ordenantza berria, gobernu taldearen esanetan, "egungoa baino hobea da". Hondakinen bilketa eta tratamenduari loturiko araudi berriaren alde bozkatu zuten EH Bilduko udal ordezkariek. EAJ-PNV abstenitu zen. Hamaikabat eta PSE-EEko zinegotziek aurka bozkatu zuten.