Euskal eskola nazionalaren alde elkarretaratu dira, greba eguna duten ikasleak

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 27a, 11:06

Greba eguna dute gaur, Hego Euskal Herriko ikasleek. Herriz herri, hiriburuetan, mobilizazio desberdinak burutzen ari dira, LOMCE edota Heziberri hezkuntza erreformen aurka. Euskal Herrirako hezkuntza eredu propioa eskatzen dute ikasleek, euskal eskola nazionala. Usurbilen, aldarrikapen hauen bueltan, gosari eta tailer bana antolatu ditu goizean, Ikasle Abertzaleak mugimenduak. Eguerdian elkarretaratzea, Udarregi Ikastola atarian. Honako adierazpen hau irakurri dute:

"Rajoy, Wert, Iribas, Uriarte eta enparauek inposatu nahi dizkiguten LOMCE, EU2015 eta Heziberri hezkuntza erreformak gure hezkuntza sistema propioaren aurka doaz. Hain zuzen ere, kapitalismoaren, espainiar zein frantziar estatuen eta patriarkatuaren mesedetan dauden erreforma hauekin klase, nazio eta genero zapalkuntzetan sakontzea mdute helburu, ikasleon interesen kontra kokatuz. Ez ditugu ikasleon eta oro har herritarron kontra doazen hezkuntza erreformak onartuko, ezta gaur egungo hezkuntza eredu ustela ere.

Honenbestez, Usurbilgo ikasleok eta oro har Euskal Herriko gazteriak bat egin dugu martxoaren 27ko Ikasle Grebarekin, sistemaren erasoei aurre egin eta guk, hemen, gure bide propioan sakonduz, gure hezkuntza eredua egunez egun eta esparruz esparru eraikiz.

Euskal Herriko ikasleria kalera atera gara, indar guzti honekin, ikasle borrokan fase berri baten irekiera beharrezkoa baita. Ikasleok gaurdanik Euskal Herriak behar eta nahi duen hezkuntza eredu propioa eraikitzen hasteko bidea hartuko dugu. Geroa marrazteari ekingo diogu. Euskal Eskola Nazionalari ekingo diogu.

Gora euskal ikasle ezkertiar eta feministak!!!
Gora Ikasle Abertzaleak!!!
Gora Euskal Eskola Nazionala!!!

                                                                                                                                                                          Usurbilen, 2014ko martxoaren 27an 

Eskualdeko manifestazioa, 19:00etan Lasarteko Okendo plazatik
Bazkalosterako beste bi hitzordu deitu dituzte. Mural margoketa 16:00etatik aurrera frontoian. Eta 19:00etan eskualde mailako manifestazioa deitu dute Lasarte-Orian. Okendo plazatik abiatuko da mobilizazioa.