Usurbil, gaikako bilketan aitzindari eta aurreratuen

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 27a, 09:02

Usurbilen atez ateko bilketa sistema abiatu zela 5 urte bete berri direnean aurkeztu du San Marko Mankomunitateak, 2013ko hondakinen kudeaketari loturiko balantzea, etxeko lan ugari egiteke dagoela islatzen dituen emaitzak. Usurbil, Lasarte, Hernani, Urnieta, Donostia, Astigarraga, Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzun biltzen dituen erakundearen gaikako bilketa udalerri honetan dugun ehunekoaren oso azpitik baita. 2013an, San Markon %36,3koa zen gaikako bilketa, bildutako %63,7 erreusa.

Beste datu bat; 2007tik 2013ra, sei urteko tartean beraz, San Markoko hiri hondakinen gaikako bilketa %27,70etik %36,30era igo da. %9 inguru beraz. Usurbilgo datuetatik oso urrun. Gogoan izan, sistema aldaketari esker, udalerri honetan hondakinen %28 birziklatzetik %82a birziklatzera igaro ginen. Guztia, ohitura aldaketa txiki batekin.

Hondakin zatika, nabarmen geratzen da baita, atez ateko bilketa sistemak mankomunitate mailako datuetan duen eragina. Iaz, 4.911 tona organiko bildu ziren San Markon. Hortik, hiru laurdenak, 3.699 tona (%75,4) atez ateko bilketa sistema martxan den bost udalerrietan. Hau da, Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen, Lezon eta Astigarragan. Gainerako 1.212 tona (%24,6), edukiontzien bidez bildu zuten Urnietan, eta Donostiako Amara eta Gros auzoetan.

Atez atekoa gailentzen da, edukiontzien aurrean
Beste hondakin zatien bilketa datuei erreparatuta ere, gauza bera gertatzen da. Mankomunitateko egungo arduradunek “ranking” moduko bat egin dute, San Markoko 10 udalerriekin. 2013an, kiloko, biztanleko eta urteko gaikako bilketa zenbatekoa izan den kalkulatu dute. Zerrenda horietan, lehen postuetan dira atez ateko bilketa sistema indarrean dute udalerriak. Bataz bestekoan, lehen postuan Usurbil, 137,9 kilogramo, biztanle eta urteko. Eta atzetik ditu hurrenez hurren, Oiartzun, Pasaia edota Astigarraga.

Datuak hondakin zatika aztertzen baditugu, kilogramo, biztanle eta urteko, Usurbil ere lehen postuan sailkatua dago, organikoaren, paper eta kartoiaren eta ontzi arinen bilketan. Hamarretik hirugarren postuan, beiraren bilketan. Oro har, sailkapenaren goialdean baita, atez ateko bilketa sistema funtzionamenduan duten Hernani, Astigarraga, Lezo eta Oiartzun. San Marko Mankomunitatearen bataz bestekoaren gainetik. Atzetik, gainerako udalerriak.

Segidan, balantze honen hainbat datu. Aipatzekoa da, San Marko Mankomunitateak balantzeak ez dituela Garbiguneetako datuak jasotzen. Udalerrikako gaikako bilketa datuen ehuneko orokorrak ere falta ditu:

San Marko, 2013
Gaikako bilketa: 43.432 tona (%36,3).
Erreusa: 76.184 (%63,7).
Guztira: 119.616 tona.

Bilketa, kilo, biztanle eta urteko:
Gaikako bilketa: 133,56.
Autokonpostatzea: 4,96.
Erreusa: 243,98.
Guztira: 382,50.

Bilketa, materialaren arabera:
Papera eta kartoia: 13.712 tona (%32).
Beira: 10.500 tona (%25,1).
Ontzi arinak: 6.559 tona (%15,7).
Materia organikoa: 4.911 tona (%11,7).
Besteak (tamaina handiko tresnak, pilak, ehuna, olioa…): 6.201 tona (%14,8).
Guztira: 41.883 tona.

Hondakinen bilketa sistemaren arabera:
Edukiontzietan:
Papera kartoia: %78,30.
Beira: %85,60.
Ontzi arinak: %82,30.
Besteak: %100.

Atez ate:
Papera eta kartoia: %10.
Beira: %14,4.
Ontzi arinak:
Besteak:

Bilketa bereziak:
Papera eta kartoia: %10.
Beira: %14,40.
Ontzi arinak:
Besteak:

Zati organikoaren bilketa:
Gaikako bilketa osoaren (41.883 tona) %11,7, 4.911 tona.
Usurbil, Hernani, Oiartzun, Lezo eta Astigarragan, atez ate bildutakoa: 3.699 tona (%75,4).
Urnieta, Amara eta Grosen, edukiontzietan bildukoa: 1.212 tona. (%24,6).

Gaika bildutako kilogramoak bataz beste, pertsona eta urteko:
Usurbil: 137,9.
Oiartzun: 131,5.
Pasaia: 129,24.
Astigarraga: 125,89.
Donostia: 123,29.
Urnieta: 119,43.
Lasarte: 118,24.
San Marko: 117,84.
Lezo: 113,63.
Hernani: 113.
Errenteria: 104,6.