Baratze parke sareko gune nagusia, zabalik

         

Elikadura eta ohitura osasuntsuen aldeko apustua egiten duen Kutxa Ekoguneak sustaturiko sare horretako kideetako bat da Usurbil, Agerreazpi eremuan kokatzen diren udal baratzei esker. Guztira, 7 udalerri (Usurbil, Lezo, Hernani, Alegia, Tolosa, Zegama eta Errenteria) eta 600 baratzakide baino gehiagok osatzen duten sarea, Gipuzkoa osora zabaltzeko sortu zen.  Hedatze horren baitan, bat egiten joan dira udalak, herritar eta eragile desberdinak. Udal baratze parke desberdinak zabaltzen joan dira. Gune guztiok osatzen duten sareko egoitza nagusia izan da, inauguratu duten azkena. Galarreta eta Errekalde artean, Donostiako lurretan kokatua dago. Hernani, Lasarte eta Donostiako 200 baratzakide baino gehiago arituko dira lanean, 159 lursail dituen Gipuzkoako parke nagusi honetan. Agerreazpiko eremuan bezala, autokontsumorako landuko dute lurra. Urte amaierarako, beste bi gune batuko dira, pixkanaka handitzen doan baratze parke sare honetara.

         

Galarreta eta Errekalde artean zabaldu berri den egoitza berria, baratze bat baino gehiago izango dela iragarri dute, Kutxa Ekogunetik. Herritar edota eragile desberdinek landuko dituzten lursailez gain, Baratze Eskola bat baitute erakusketa dinamiko batekin,"edozein herritar, ikastetxe edo erakundek bisita dezakeena". Ikastaro eta tailer irekiak antolatuko dituzte, baratzezaintzari buruzko prestakuntza hainbat saio, eta gai honi buruzko argibide guztiak jaso ahalko dira egoitza berri honetan. 

Hernanira bidean kokatua dagoen parke berria bisitatzera doanak, Usurbilek bere ekarpena egin duela jabetuko da. Sare horretako gainerako kideek egin bezala, udalerri honek ere sagarrondo bat landatu baitzuen inaugurazio egunean.

Baratze parke sareari buruzko informazioa: baratzeparkea.net