Musika, kantua, dantza eta poteoa uztartuko ditu, Soinurbilen hamargarren edizio honen baitan, elkarlanean antolatu den ekimen berezi honek. Hitzordu hau prestatzeko antolakuntza lana, elkarlanean bideratu dute Zumarte Musika Eskolakoek eta Usurbilgo Udalak, Kantu Taldekoekin eta baita Hurbilago Elkartearekin ere.
Gaur arratsaldeko 19:00etan abiatuko da kalejira berezia hau frontoitik. Zumarte Musika Eskolatik, abesbatza, trikitilariak eta txistulariak parte hartzekoak dira. Kantu zaleak ere bertan izango dira, Muxikoak taldean dabiltzan kideekin batera. Kalejira, besteak beste, Tipi-Tapa egitasmoan parte hartzen duten edaritegietan geratuko da; Txiriboga, Aitzaga, Xarma, Txirristra, Bordatxo, Artzabal eta Txapeldunen. Zazpi taberna hauetan eskatutako errondaren truke gainera, pintxoa doan banatuko dute, 19:00-21:00 artean. Eta Tipi-Tapa txartela eskura baduzue, apirilaren 6an zozketatuko den 150 euroko erosketa balea irabazteko zigilua lortuko duzue.
Soinurbil Musika Aste honetarako iragarri den ekimen berezietako bat dugu gaurkoa. Baina ez kalejira bakarra. Ekitaldi ziklo honekin amaitzeko, igandean Andoaingo musika banda eta abesbatza baitatoz Usurbila emanaldia eskaintzera. Larunbatean berriz, Zumarteko eta herriko zortzi musika talderen kontzertua, 22:00etatik aurrera frontoian.
Soinurbil betean datorkigu asteburua:
Martxoak 28, ostirala
19:00 Kalejira frontoitik abiatuta. Parte hartzaileak:
-Usurbilgo Kantu Taldea.
-Zumarte Musika Eskolako Abesbatzak, Trikitilari Taldeak eta Txistulari Taldeak.
-Hurbilago, Usurbilgo merkatari eta ostalarien elkartea.
Oharra: kalejira Tipi-Tapan parte hartzen duten tabernetatik igaroko da. Hau da, Txiriboga, Aitzaga, Xarma, Txirristra, Bordatxo, Artzabal eta Txapeldun tabernetatik. Guneotan, 19:00-21:00 artean edariarekin pintxoa doan. Eta gainera Tipi-Tapako 150 euroko erosketa balearen zozketarako zigiluak lortzeko aukera.
Martxoak 29, larunbata
22:00 Usurbilgo pop-rock taldeen kontzertua frontoian. Sarrera doan. Egitaraua:
-Ixakson-ak, Zumarteko taldea.
-Tapiwan, Zumarteko taldea.
-3P4, herriko taldea.
-Tapimax, Zumarteko taldea.
-Nesk-Quik, Zumarteko taldea.
-Juanantzoneko okupak, herriko taldea.
-The Hastelen´s, Zumarteko taldea.
-Zappa, Zumarteko taldea.
-Arto2xar, herriko taldea.
-Ganbarakada, Zumarteko taldea.
Martxoak 30, igandea
Andoaingo musika banda eta abesbatza Usurbilen:
11:30 Kalejira, Zumarte Musika Eskolatik abiatuta.
12:30 Emanaldia frontoian. Sarrera, doan.
Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.
Soinurbil Musika Asterako antolatzaileek kaleratu duten eskuorria, hemen: Soinurbil