Kilometroak 2015erako logotipo eta leloak, ikastolara helarazteko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 31a, 11:15

Astelehen hau dugu, hurrengo urtean Usurbilen ospatuko den ikastolen aldeko jaialdirako lelo eta logotipoak sortu eta Udarregi Ikastolara bidaltzeko azken eguna. Zuen proposamenak idazkaritzan utzi ditzakezue edota helbide honetara bidali: usurbilkilometroak@udarregi.com

"Animatu zaitezte eta parte hartu ideien zaparradan! Ikastolak plazer handiz jasoko ditu!", berri eman dute, 2015. urteko Kilometroak antolatzen hasiak diren Udarregi Ikastolako kideek. Gogoan izan, bai leloa eta baita logoa ere, Usurbilen ospatuko den euskararen aldeko jaialdiko ikur bilakatuko direla. Euskal Herri osoan zabalduko dira. Bururatzen zaizkizuen ideiak lantzerakoan, honakoa aintzakotzat hartzea eskatzen dute Udarregitik:  "Bi ideia nagusiren inguruan sortu nahi ditugu (leloa eta logoa); euskara! eta herriarekin elkarlanean, auzolanean!".

Udarregi Ikastolari buruzko informazioa, udarregi.com atarian duzue.

Afrikarako laguntza bilketa ere, gaur amaituko da
Bilketa, Udarregi Ikastolako erdiko aretoan egiten ari dira. Herritarrei, S.O.S. Afrika Gobernuz Kanpoko Erakundeak bideraturiko elkartasun ekimen honetan parte hartzera deitzen diete ikastolatik.

Auzolan deialdia, Udarregi Ikastolatik
Zurgin, diseinatzaile, brikolaje zale eta abarren bila dabiltza ikastolan. Datorren ikasturtean, Haur Hezkuntzako espazioen antolaketa berri bati ekitekoak dira eta gela horietan egitura berri batzuk jarri nahi dituzte. Horregatik luzatzen diete herritarrei, auzolanerako gonbita. Laguntzeko prest dagoen oro, eman dezala izena ikastolako idazkaritzan. Udarregitik berri eman dutenez, auzolan esperientzia honetan parte hartuko dutenak “ez dira bakarrik arituko, izan ere, Mondragon Unibertsitateko aholkularien gidaritza eta aholkularitza, ondoan izango dugu”.

Ingelesa ikasteko udalekuak
Datorren udan ere, irakasle "natiboekin" eta talde txikitan, ingelesa modu dibertigarri eta desberdin batean ikasteko aukera eskaintzen dute Udarregi Ikastolatik. 5-11 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko udaleku irekiok, ekainaren 25etik uztailaren 22ra izango dira. Goizez eta lau orduz, 9:00-13:00 artean. Izen ematea zabalik, apirilaren 25era arte, Udarregi  Ikastolako idazkaritzan. Prezioa, 300 euro. Baina udalekuetako monitorea etxean hartzen duenak, udalekua doan izango du. Udalekuok burutu ahal izateko, gutxieneko taldea osatu beharko da.

"Ikasle-talde bakoitzak bere hezitzailea izango du, jokoak, eskulanak, ipuin-kontaketak, antzerkiak, proiektuak, IKTak eta abar ingelesez egingo dituzte.
Hezitzaileak, jatorrizko ingeles hiztunak izango dira, hau da, ama hizkuntza ingelesa dutenak. Horien egonaldia, programan parte hartzen duten ikasleen familietan izango da", Udarregi Ikastolatik berri eman dutenez.