Oporretarako aisialdi eskaintzan izen emateko aukera dute haur eta gazteek

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 31a, 13:00

Apirilaren 11n izango dute gehienek, azken klase eguna. Hortik aurrera, bi asteko oporraldia, apirilaren 28ra arte. Tarte horretarako, Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkarteak txokoak antolatu ditu. Izen ematea ixtear dute. Usurbilen berriz, Gaztelekuak hiru ekintza antolatu ditu. Eta Usurbil Futbol Taldeak txokoak. Ekimen guztion berri segidan.

Aginagako ludoteka, oporretan zabalik
Eskola Txikiko Guraso Elkarteak txokoak antolatu ditu, apirilaren 14tik 16ra eta apirilaren 22tik 25era. Goizez, 9:00ak edo 10:00etatik 13:00etara. Prezioa; bazkideek 15 euro. Gainerakoek 25 euro. Izen emateko epea, ostegun honetan, apirilaren 3an itxiko dute. Apuntatzeko, deitu telefono zenbaki honetara: 637 332 402 (Naiara).

Konkis Eguna, Gaztelekukoen eskutik
Eguberrietan bezala, datorren oporraldirako ere ekintzak antolatu dituzte. Guztira, hiru hitzordu, tartean, bi irteera; Olaberriako Kars-etara eta Bidebietara, Bera Bera taldekoen neurketa ikustera. Txango hauetarako aurrez, gurasoen baimena eraman beharko dute gazteek, Gaztelekura.  Hirugarren hitzordua, gazteen artean arrakasta izugarria duen Konkis Eguna ospatuko dute. Hemen, hiru hitzorduon berri:

Apirilak 14, astelehena
16:00
Gaztelekutik Olaberriako Kars-etara. DBH3-koei zuzendua.

Apirilak 24, osteguna: Konkis Eguna
11:30
Frontoian. Gaztelekuko gazte guztiei zuzendua.

Apirilak 26, larunbata:
16:00
Gaztelekutik Bidebietara, Bera Bera taldekoen eskubaloi partida ikustera. DBH 1-2ko ikasleei zuzendua.

Futbol txokoak
Usurbil FT-k antolatuta, apirilaren 22tik 26ra. 9:30-13:00 artean, Oiardo Kiroldegian, Haranen eta frontoian.