"Faustinarekin munduratuz" antzezlana asteazkenean, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunean

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 31a, 13:00

"Faustinarekin munduratuz" izeneko antzezlana eskainiko du Eneko Etxebarrietak, asteazken arratsaldean, 18:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. 4-8 urte arteko haurrei zuzenduriko emanaldia, "Etxeberrietak 4 urteetan zehar munduari bira ematen izan zituen abentura eta esperientzetan oinarritzen da. Bidaia honetan 46.000 kilometro egin zituen pedalei eraginez, 32 herrialdetan. Eneko eta Faustinak, bere txirringak, (txirrinaren bidez hitz egiteko ahalmena duenak) haurrak telebista utzi eta beraiekin munduratu daitezen gonbidatzen dituzte: mundua pedalei eragiten ezagutzeko. Elkarrekin ezinbesteko gauzak alforja edo aneketan sartuko dituzte, munduko hainbat bazterreteko haurrak ezagutu… eta abentura eta esperientzia ugari bizi eta gero, etxera itzuliko dira ideia eta ikasketa berriekin".

Usurbilgo Udalak antolaturiko antzerki emanaldi hau, apirilaren 2ko Haur Liburuaren Nazioarteko Egunerako antolatu du. Egun honen eta apirilaren 23ko Liburuaren Egunaren artean, beste zenbait ekimen ere bideratzekoak dira Sutegi udal liburutegitik. Hurrengo hitzordua, apirilaren 10ean. "Zer egin Liburuekin: kontu kontari" saioa Yolanda Arrietarekin, 0-7 urte arteko haurren guraso eta hezitzaileentzat.