Euskal ikurrekin, apirilaren 11ko ezohiko osoko bilkurara joateko deia

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 1a, 14:52



Gonbita Usurbilgo EH Bilduk luzatu du. Ezohiko osoko bilkura deitu dute apirilaren 11rako, 18:00etan, udalbatza aretoan. Apirilaren 20an ospatuko den Aberri Egunari begira, "Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren errekonomimendua" eskatuko duen Udalbiltzaren mozioa aurkeztuko dute bertan. Usurbildarrei ikurriñak eta Nafarroako banderak eskutan dituztela udalbatza aretora gerturatzeko gonbita luzatzen die EH Bilduk. Osoko bilkura amaitu ostean, taldeko argazkia aterako da, udaletxe aurreko plazan.

Datorren asterako deitu duten plenoa, Udalbiltzak euskal sinboloen alde martxan jarritako herri dinamika baten baitan kokatzen da, "herritarren artean eta erakundeen eremuan islada izango duena. Interneteko ".eus" domeinuaren erabilera sustatuko du, eta euskal herritartasuna ofizialki onartzen duen dokumentu bat sortuko du". Mozioak aurkezteko ekimena testuinguru honetan kokatu behar da. Usurbilen bezala, Udalbiltzak dozenaka herrietan osoko bilkurak deitzeko asmoa du.