Usurbilgo Gure Esku Dagok ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza-katea girotzeko abiatu berri duen ekimena dugu. "Minutuko lana" baino ez da antolatzaileen esanetan, eta animatzera deitzen dituzte usurbildarrak. Egin beharrekoa, oso erraza da; "Ni/gu ere han izango naiz/gara" esaldia esanez (usurbildarron euskalki politarekin) bideoz grabatu zeuen buruak", lan taldetik berri eman dutenez. Eta grabazioak, helbide honetara bidali: usurbilgureeskudago@gmail.com
Bideoak nahi duzuen moduan, lekuan, eta nahi duzuenarekin graba ditzakezue. "Koadrilan, gurasoekin, lehengusuak, aiton-amonak, ilobak, izeba-osabak,... pote bat hartuz, mendian, eskolan, kantu taldean, gaztetxean, dantzan, parkean, haurrekin, pelotan, futbolean, hondartzan, pino egiten... eta okurritzen zaizkizuen guztiak!", diote Gure Esku Dago lan taldetik.
Erronka betetzear
Giza-katea ospatzeko bi hilabete eskas falta diren honetan, urte hasieran finkatu zuten erronka betetzear du Gure Esku Dagok. 400 usurbildar batu nahi zituzten, eta azken orduan sare sozialetan adierazi dutenez, 385 herritarren atxikimenduak lortu dituzte. 15 metroko tartea osatzea baino ez dute falta. 15 herritar gehiagok izena eman, eta helburua beteko du Gure Esku Dago lan taldeak. Izen emateko informazio mahaia jarri ohi dute asteburuetan, frontoi inguruan.