Herriko dantzarien topaleku bihurtuko da Kaxkoa bigarrenez, apirilaren 12an. Beste behin, joera edo estilo ezberdinetan herrian diharduten taldeen lanketa, ohiko lokaletatik atera eta plazaratuko dute, egun osoko jaialdi honen bidez. Funky, hip-hop, dantza oriental eta afrikarrak, eta noski, euskal dantzek, tartea izango dute iragarri diren ekitaldi desberdinetan.
Emanaldiekin egituratu dute jaialdiko egitaraua. Eta programa eskutan hartu bezain laster, beste behin, herritar eta eragile desberdinen arteko elkarlana sustatu dutela nabari da. Dantza Taldeak antolatu baitu apirilaren 12ko festa. Baina haiekin batera, herrian, dantzaren inguruan mugitzen diren taldeek parte hartuko dute. Usurbilgo Gaztetxeak, Warda irakaslearen taldeak, Zumba eta Usurbil Dantza Taldekoek. Eta haiekin guztiekin batera, Tximeleta gimnasia erritmikoko taldeak. Iaz bezala, topaketa eguna antolatu dute apirilaren 12rako, Oiardo Kiroldegian.
Dantza taldeez gain, kantuzaleak ere bilduko ditu datorren asteko jaialdiak. Eta Usurbilen osatu berri den batukada feministak jendaurreko bigarren emanaldia eskainiko du. Jaialdia borobiltzeko, elkarlanean prestatzen ari diren ikuskizun berri baten estreinaldia frontoian; "Sustrai bereko adarrak".
Apirilak 12, larunbata
Eguerdian, batukada kaleetan zehar.
17:30 Usurbilgo Talde desberdinen dantza erakustaldia.
Partehartzaileak:
- Tximeleta Soinketa Erritmikoko Taldea.
- Gaztetxeko Dantzariak.
- Warda irakaslearen taldea.
- Zumba Taldea.
- Usurbilgo Dantza Taldea.
19:00 Dantza-kantu jira, frontoitik abiatuta.
22:00 "Sustrai bereko adarrak" ikuskizuna frontoian. The Hastelen´s Taldea, Zumarte abesbatza, Ixabel Agirresarobe eta Usurbilgo Dantza Taldeak elkarlanean sortutako ikuskizuna. 50 dantzari taula gainean ikusteko aukera.
Antolatzailea: Dantza Taldea.
TXIMELETA SOINKETA ERRITMIKOKO TALDEEN TOPAKETA, OIARDO KIROLDEGIAN
10:00-11:00 Benjaminak: pelota eta uztaia.
12:20-13:20 Alebin eta infantilak: txapelketa. Mazoak-uztaia, xingola-pelota, uztaia bakarka.
13:20-13:30 Sari banaketa.
16:20-17:30 Benjaminak: pelota eta uztaia.