Michelingo lanaldia malgutzeko akordioa, Auzitegi Nazionalean salatu du LAB sindikatuak

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 3a, 18:02



Duela urtebete, Michelingo CCOO eta UGT sindikatuek adostu zuten lanaldia malgutzeko sistema berriaren aurkako salaketa aurkeztu du LAB sindikatuak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Madrilera jotzeko arrazoia azaldu dute. "Akordioaren izaera estatala dela eta salaketa Madrilgo Audientzia Nazionalean egin behar izan dugu. Salaketa juridikoki sendoa dela ulertzen dugu eta beraz gure eskaeraren legalitatea onartua izatea espero dugu", diote LAB-etik.

Zentruarteko Komiteak sinatutako akordioak aipatu moduan, Michelinek estatu espainiarrean dituen lantegi guztiei eragiten die. Baita hemengo Michelineko 550 langileei ere. Sindikatu abertzalearen esanetan, auzitegietara eraman duen akordioak, "Sistema Plusean %40rainoko soldata jaitsiera ekarri du, urteko lanaldia luzeago izanik". Honez gain, 79 lan egutegi dituzte aukeran, "hauetariko bakoitzak bere urteko lanaldi eta Sistema Plus ezberdina dituelarik". Akordio berak, urtean zehar 20 egun gehiagoz lan egin edo 30 lan egunez enpresa ixtea ahalbidetzen du. Eta legea urratzen du LAB-en esanetan, "izan ere, pertsona bajan dagoen momentuak ez ditu errespetatzen. Langileek lanaldi negatiboa pilatzen dute, hau da, baja egoeran egon arren Michelinekiko lan egun moduan zorra pilatzen da".