Eneko Etxebarrieta eta Faustina bere bizikleta Usurbilgo Sutegin izan genituen Apirilaren 2an, Haur Liburuaren egunean, munduan zehar egin zuten bidaia kontatzeko.
Badakizue zergatik sortu zitzaion Enekori munduan barrena bidaiatzeko gogoa? Ba ume umetatik irakurle amorratua zelako, eta liburuetan irakurtzen zituen abenturak eta lekuak berak bizi eta ezagutu izan nahi zituelako.
Horretara gonbidatu gintuzten Enekok eta Faustinak gu ere, eta argazki eta soinu efektu txikien bidez, beraiekin batera izan ginen Tibeten, Australian, Hong Kongen, Laosen, Afrikan, basamortuan, itsasoan…; susto galanta eman zigun sugeak, eta zer esanik ez armiarmak! 40 minutuz, 140 (gutxigorabehera) haur eta helduk munduan zehar bidaia zoragarri batez gozatu genuen.