Susmoren itzulerako azken kontzertua, larunbat gauerditik aurrera Akerran

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 4a, 10:25



Argazkian dituzue Xabier Linazasoro (ahotsa), Ander Bravo (baxua), Ander Aizpurua (gitarra), Axier Fernandez (gitarra) eta Andoni Castro (bateria-jolea), Getariko Gaztetxean dena ematen. Duela pare bat aste izan zen. Eta orain etxera datoz, itzulera labur batean ostean, agur esatera. Susmo talde usurbildarrari buruz gabiltza. Larunbat gauerditik aurrera, Akerra Gaztetxean kontzertua eskainiko dute. Oholtza gainera, herriko beste talde batekin partekatuko dute, iragan Soinurbil Musika Asteko pop-rock kontzertuan parte hartu zuten 3P4-ko kideekin. Eta gaua borobiltzeko, Dj 140tas.

00:00etan hasita goizaldera arte festa giroa larunbatean, apirilak 5, Txokoaldeko Akerra Gaztetxean.

Kontzertu gehiago, apirilaren 11n
Gazte Asanbladak inguruko herrietako hiru musika talde gonbidatu ditu Usurbilgo Gaztetxera, askorentzat oporraldien hasiera izango den gau horretan. Donostiako Madeleine, Orioko Citizen Kane eta Zarauzko Managaitz taldeek joko dute apirilaren 11n, Alkartasuna kooperatibaren egoitza ohian. Aurretik, beste talde baten ibileren berri. Gaueko 22:00etatik aurrera, “Nasi Goreng Adiktion”, Diskoira talde zarauztarrak Asian eginiko birari buruzko dokumentala proiektatuko dute.

Afari beganoa
Kontzertuon bezperan, afari beganoa antolatu du Gazte Asanbladak. Hileroko bigarren ostegunetako ohiturari jarraituz, apirilaren 10ean, iluntzeko 20:30etatik aurrera gaztetxean, eta borondatearen truke.