Ostiral arratsalde honetako 17:30etatik 19:00etara, Usurbil FT-k Haranen duen egoitzan. Gogoan izan, ekimen honetan parte hartzera animatzen diren 6-12 urte arteko gaztetxoek egunotan dute izen emateko epea. Batetik, izen emate orria eskuratu eta datuekin bete behar da. Horrekin batera, 45 euroko ordainketa egin behar da Kutxabank-eko kontu zenbaki honetan: 2095 5069 06 1071029051 (Kutxabank). Prezio horren barne doa asegurua. Ordainketa egiterakoan ez ahaztu haurraren izen abizenak eta "Aste Santua" kontzeptua adieraztea. Ordainagiria, eta izen emate orria Usurbil FT-ren Haraneko egoitzan utzi behar dira, ostiral honetan, 17:30-19:00 artean. Edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiago behar duenak, idatzi dezala email bat, futusurbil@yahoo.es helbidera.
Denetariko kirol jarduerak
"Aste Santua kirola eginez" igarotzeko gonbita luzatzen diete Usurbil FT-tik, Lehen Hezkuntzako 6-12 urte arteko ikasleei. Futbol txokoak antolatu dituzte Usurbilgo Udalaren eta Udarregi Ikastolaren laguntzarekin, apirilaren 22tik 26ra, asteartetik larunbatera. Egunero, 10:00etan hasi eta 13:00ak arte. "Aste Santuan kirolak eta jolasez gozatzen jarraitzeko aukera paregabea" eskaintzen dute Usurbil FT-tik.
Txokoek futbola izango dute ardatz nagusi, baina oro har denetariko kirol jarduerei tarte egingo diete bost egunez. "Eskaintza anitza eta zabala izango da. Adin hauetan, kirol eta jolas ezberdinak egitea aberasgarria da eta lehiaketak alde batera utzita, haurrek jolasean gustura pasa dezaten nahi dugu. Horretarako, hona hemen praktikatuko ditugun ekintzetako batzuk: eskubaloia, jolas tradizionalak, futbola, esku pilota, herri kirolak, saskibaloia…", berri eman dute Usurbil FT-tik. Nagusiki Haraneko futbol zelaia baliatuko dute txokoetarako. Baina baita Oiardo Kiroldegia, frontoia edota herriko beste zenbait gune ere.
Futbol jardunaldia, asteburuan
Datorren oporraldiko etenaldiaren aurretik, asteburu honetan, futbol jardunaldi berri bat begi bistan. Hauexek dira etxean jokatuko diren futbol taldeen neurketen ordutegiak:
Futbola Haranen
Apirilak 5, larunbata
17:00 Regionalak: Usurbil F.T.-Deusto Donostia F.T.
Apirilak 6, igandea
9:00 Futbol Eskola, Topaketa.
10:00 Kadeteak, areto futbola: Usurbil F.T.-Zaldibi.
11:00 Kadeteak F-11: Usurbil F.T.-Sporting de Herrera.